Sarrera
Euskal nazio eraikuntza. Euskal nazio eraikuntza iragan mendearen azkenaldira hasi zen eta, beraz, ehun urte eta emaitza ohargarriak ditu. Prozesu hirukoitza hartzen du:
A) Nazionalismoak definituriko nazio eraikuntza prozesua: Euskal Herria komunitate historiko, linguistiko eta kultural bat da, bakana bere erro preindoeuroparrengatik, tradizionalki euskalduntzat dauden zazpi lurraldeetan finkatua eta milurte berrian zehar bere iraupena segurtatu nahi duena.
B) Kultur eta hizkuntz herentziarekin identifikatzeko prozesua; Euskal Herriaren identitate propio eta ezberdina (ez espainola ez frantsesa) bizikien definitzen duen gune gogorra, identitate honen babes eta garapenari eusteko exigentziarekin.
C) Subiranotasun eta autogobernu ortzemugarekin identifikatzeko prozesua, herri-identitatearen sinbolo gisa eta, aldi berean, identitate hori etorkizunean garapenera eramateko eta ongizate politikak burutu ahal izateko tresna eta berme gisa.
A eta C prozesuetan nazio eraikuntzak gizartean proposamen abertzaleak hedatzea inplikatzen du, B prozesuaren indarrez, ordea, nazio eraikuntza hizkuntza nazionalarekiko, euskararekiko, identifikaziotik eta beronen gizarte hedapenarekikotik neurtzen den artean. Baina, edonola ere, nazio eraikuntzaren emaitzen adierazle nabariena jendeak proposamen horiekin duen identifikazioa da, neurtu eta zenbatu daitekeen zerbait.
XX. mendeko historia aztertuz hiru etapa bereizten dira. Lehenengoa garbiki hedakorra; Gipuzkoa eta Bizkaian euskal gizartearen herena konkistatzen da, Araban eta Nafarroan ezarketa nahikoa urriagoa delarik. Hiru herrialdeetan Autonomi estatua lortzearekin eta 1936-37an, gerra zibila su eta garretan zela, lurraldearen zati txiki batean euskal gobernua ezartzearekin burutzen da.
Bigarren etapak, frankismoaren gau luzean, uzkurdura eta hedapen mugimendu paradoxazko bat ekarriko du. Errepresio frankistak eta, aldi berean, orduan gertaturiko eraldakuntza handiek –inmigrazioak ekarritako aldaketa demografikoak, ia euskal lurralde guztiaren industrializazioak eta hirietako kontzentrazioak– duten eragin disolbagarriak “euskal naziotasunaren” atzerakada eta beronen krisialdi larriena dakartza. Baina atzerakada honen aurka geroago sorturiko erreakzioak abertzaletasuna lehengo mugetatik harago hedatzea ekarriko du, halatan, non trantsizio postfrankistan euskal gizartearen kultura publikoa (gero EAE izango denaren lurraldean) abertzale munduaren hegemoniapean izango baita.
Hirugarren etapan, trantsizio postfrankistatik gaur arte datorrenean, instituzio demokratiko berrien bultzadaren fruituak hartzen dira EAEn.
Iparraldean, lehenengo fasea albo batera utzita, garai berekoa, eta are lehenagokoa, eta emaitza hobeak emandakoa eta erabat parekagarria baita Txaho, D’Abaddie eta abarrekin, eraikuntza nazional edo nazionalistak beste erritmo bat darama, epe ezberdinak betez. Bigarren fasea ez da hara heltzen harik eta 1963an Enbata eratu arte. Eta gaur egun, oraindik txikiak diren boto-portzentaiekin, hirugarren fasea ozta-ozta abiatu dela esan daiteke.
Gaur EAEko biztanleriarik erdia baino gehiago, Nafarroako gutxiengo zabal bat eta Iparraldeko gutxiengo ohargarria baina txikiagoa ideario abertzalearekin identifikatzen da ageriki edo ez hain ageriki, eta hau guztia kopuru dezentea da.
Euskal gizartea asko aldatu da XX. mendearen joanean eta batez ere azken 30 urteotan, mugimendu abertzalearen presioaren eraginez, batez ere EAEn, non bere kontutzat hartu dituen orain dela zenbait hamarkadara arte mundu abertzalearenak baino ez ziren eskakizunak. Gaur, II. Errepublikako urteetan ez bezala, nazionalitate batekoak izatea eta autogobernuarekin identifikatzea, euskararen normalkuntzaren alde egitea eta hurrengo belaunaldientzat elebitasunezko ortzemuga lortzea, ikurrina eta beste enblema batzuk, etab., gizarte osoaren gauzak dira. Honen ondorioz hobera egin dute euskal gizartearen integrazioak eta kohesioak, hobekuntza hau iraunkorra eta ia lineala, gorabehera modurik gabekoa, izan delarik azken hogeita hamar urteotan. Abian hasi eta mende betera mugimendu abertzalea aurkitzen den puntuak ez du inolako zerikusirik mende honen lehen erdian izan zuen egoerarekin.
Prozesu nazional kontrajarri bi. Euskal nazio eraikuntzak tupust dagi, lehenengo urratsetatik hasita, beste nazio eraikuntza prozesu batekin, espainiar nazioarenarekin alegia. Liberalismo espainiarraren korronte ezberdinak XIX. mendearen hasieratik saiatzen dira eraikuntza hori burutzen; penintsulako eliteen –euskal eliteak ere barne– integrazio-historia luzean sustraiak dituen nazio eraikuntza da, behe erdiaroko mendeetan hasia, Errege Katolikoek eta Austrien Espainia Inperialak “abaguneen lur” denean indartua, eta gero borboien lehen mendean eta frantsesen inbasioaren kontrako gerran finkatua.
Bi prozesu kontrajarri hauen artean, euskaldunaren eta espainiarraren artean alegia, komunitate politikoaren esparrua legitimatzen duen eta bertako kideen komunitate-betebeharrak ezartzen dituen kultura publikoaren hegemoniaren aldeko borroka egiten da. XX. mendearen zatirik handienean eraikuntzarako inguruabar eskasak izan dituen borroka honek edo euskal eliteen euren arteko barne liskarraren edo euskal herriak estatu espainol zentralistarekin duen kanpo gatazkaren forma hartu du. Nola planteatu den kontuan hartuta, borroka horren muina euskal herritarrak “deseuskaldundu” eta “desnazionalizatu” egiten dituen estatu espainol moderno baten eraikuntzan parte hartzean edo parterik ez hartzean datza, modernitateari ordaindu beharreko zerga baino ez delarik hau batzuentzat, besteek, ordea, prezio garestiegitzat daukaten artean.
Nazio
eraikuntzaren gaur egungo zirkunstantziak
Azken hogei edo hogeita bost urteetan oso aldakuntza garrantzitsuak izan dira euskal gizartean.
Lehenik, euskal nazionalismoa, EAEn, jazartua eta galtzailea izatetik bizitza politikoko protagonista aintzatetsia izatera pasa da, baita hainbat eta hainbat aginte-baliabideren jabe izatera ere, instituzio guztietan (autonomiko, foral, eta lokaletan, eta eurotarik eratorritako beste askotan) nagusi delako eta euskal gizartearen zati ugari eta indartsu bat ordezkatzen duelako beste plano batzuetan. Aldaketa funtsezkoa da EAEren esparruan res publica administratzen duten instituzioei dagokienez, nahiz eta ez den lortu horrelako egoerarik, horrenbeste haize poparean eta horrelako abertzale hegemonia duenik, Nafarroan ez Iparraldean.
Beste aldaketa garrantzitsu bat euskal gizartean, EAEn bereziki, hizkuntz egoerari dagokiona da. Eskoletako hezkuntzan gaur egun jada D eredua nagusi izatea da horren adierazle argi bat.
Hirugarren aldaketa, inplikazio sakon asko dituena, soziologikoa eta demografikoa dugu. Hogeita hamar urteren buruan, gizarte gazte eta jaiotze tasa onargarriduna izatetik eta inmigratzaile masa handiak hartzetik biztanleria zahartua, mendebal munduko jaiotze tasa baxuenak dituena eta biztanleria egonkorra daukan gizartea, gainera duela hamar urte baino lehenagotik gutxituz doana izatera igaro gara. Aldaketa hauekin batera produkzioaren eta populazio aktiboaren egitura ere aldatu egin da, halako moldez, non 60 eta 70eko hamarkadetako gizarte industrializatu eta hiper-proletarizatutik enplegu kualifikatuagoak dituen gizartera pasa garen, klase ertainak eta hirugarren sektoreak pisu handiagoa hartu duelarik nabariki gizarte honetan.
Laugarrenik, demokrazia parlamentario eta autonomistaren finkapena bera euskal gizartearen zirkunstantzia determinatzailea da, gero eta determinatzaileagoa, eta, beraz, baita nazio eraikuntzako proiektu ororena ere. Horrek eta EBan sartu izanak mendebal munduko baloreak ezarri ditu gure gizartean: merkatu askatasuna, zuzenbide estatua, ideologi aniztasuna, botere politikoaren legitimazioa hauteskundeetan, agintaritzan txandakatzea eta horrek dakarren ezinbesteko ondorioa: indar guztien gain eragindako moderaziorako presioa; balore hauen arrakasta sozialak abertzale mundua bere proposamen guztiak hauteskundeetan legitimatu beharraren aurrean jartzen du eta logika nazionala zuzenbide estatuaren printzipioen menpean ipintzera behartzen. Beste alde batetik, azalera ekartzen du gizartean daukagun ezberdintasuna beronen alderdi funtsezkoetan, hala nola identitate kolektiboan, sentimendu eta leialtasun nazionaletan, Euskal Herriak estatu espainiarrarekin eta bertoko komunitate espainolarekin duen loturari dagozkion alde guztietan, etab. Indarrean dugun demokraziak iritzi horien balio politiko eta morala legitimatzen du eta berauekiko aintzatespena eta errespetua ezartzen ditu, pertsonen duintusanarekin, legearen aurrean duten berdintasunarekin eta pertsonaren funtsezko eskubideekin lotuta daudelako.
Aldaketak, azkenez, erregimen politikoaren legitimazioa ere ukitzen du. Trantsizio postfrankistak euskal gizartearen zati inportante baten aintzatespen eta autogobernu eskabideari behar bezala erantzun ez zion demokrazia bat ekarri zuen, eta deskonformitate hau Konstituziotik urrunduz agertu zen, 1978ko erreferendumean euskal biztanleriaren gutxiengoak baino ez zionean baiezko botoa eman. Baina sistema politiko demokratikoaren hasierako akats handi hori, egun ere dirauena eta Konstituzioa legitimazio defizitaz markatzen duena ukatu barik, beste hau ere onartu beharra dago, alegia, estatuaren eta egoera nazionalaren pertzepzioa gaur beste bat dela konstituzioaren erreferendum hartatik hogei urte baino gehiago iragan direnean. Frankismotik denboraz gero eta urrunago, estatuak ez dirudi orain botere militarraren eskusartzearen arriskupean orduko neurrian. Egoera nazionalaren pertzepzioan, aldiz, ezin da ikusi gabe utzi baditugula jada euskal singulartasuna salbatu eta garatzeko oinarrizko bitartekoak.
Gogoan izan behar da, aldaketon ondorioz, euskal auzi nazionalaren zenbait alderdi funtsezko aldatzen ari direla. Honetan, aldaketarik nabarmenetako bat EAEko biztanleriaren artean euskarak duen balioari buruzkoa da. Zirkunstantzia berriotan, hizkuntza baloratzeko eta, ondorioz, hizkuntzara hurbiltzeko era pragmatikoagoa nagusitzen ari da, euskararen defentsa, ezinbestez, epika eta dramatismoa galtzen ari den artean. Hau berau gertatzen da oro har beste gai nazionaletan ere, ETAren gatazkarekin zuzenean loturikoetan izan ezik.
Aniztasuna eta desberdintasun sakona. Pluralismoa euskal gizartean diharduten nazionalismo guztiak sakonki baldintzatzen dituen datu bat da. Gure gizartea, gizarte moderno ireki eta konplexu orotan ohikoa den gizarte, politika, ideologi, erlijio, moral, kultur eta ohitura ezberdintzat markatua izatez gain, bere oinarri nazionalak ukitzen dituen beste desberdintasun batek ere baldintzaturik dago. Hizkuntza, kultura, jatorri, identitate kolektibo eta sentimendu nazionalean ezberdintasunak dituen herrialdea izatea bereizgarri ere ez da jada mendebaldeko Europan; azken hamarkadetan, herrialdeok, ia guztiek, badute desberdintasun hori, gehienbat hirugarren mundutik etorritako emigrazio kulturanitzaren hartzaile diren heinean. Euskal kasuaren berezitasuna, baita katalanarena ere, gure herrian pluraltasun mota hori gurearekin homologarri diren herrialdeetako batezbestekoa (Eskozia, Quebec, Flandes, Valonia) baino askoz goragoko mailan dagoela da.
Euskal pluralismoaren berezitasuna hiru egitate hauexetan ageri da: gizarte gehienbat mestizoa izatea b) zatitua bere herri-identitate kontu oinarrizkoetan, c) sakonean, modu konplexuan baina, politikan eta hauteskundeetan aurreko egitate biek baldintzaturiko aukerak egiten dituena. Herrialde moderno guztiek dute (a) pluralismoa eta mestizoak dira gehiago edo gutxiago. Munduko estaturik gehienek, izatez plurinazionalak izaki, (b) pluralismo markatua dute; egiazko estatu nazionaletan, ordea, eta Galizia, Quebec, Eskozia, Flandes eta Valonia bezalako nazioetan populazioa, jatorriz, ama hizkuntzaz, kultur tradizioz, etab., oso homogenoa da, %75etik %90erako portzentaiekin, halatan, non (a) pluralismoak geratzen den %10etik %25erakoa baino ez duen ukitzen. Eta, azkenez, badira EAEkoa bezalako egoerak, non (a) eta (b) pluralismoak oso garrantzitsuak diren, horren ondorioz (c) pluralismo markatua ageri dutelarik.
Orduan, bada, euskal gizartearen berezitasunik handiena, pluraltasunari dagokionez, ez dira identitate kolektiboari eta sentimendu eta leialtasun nazionalei dagozkien diferentziak, baizik diferentzia horien bidez porrot soziala agertzea gizarte horrek izan nahi duen komunitate politikoaren puntu oinarrizkoetan. Berezitasuna, beraz, pluralismoa dela eta, gatazka nabaria edukitzea da komunitatearen kohesiorako oinarrizkoak diren puntuetan. Euskal gizartea mota horretako diferentzia partikular sakonek markaturik dagoela esatea beste hau esatea adina da: elkar presionatzen diharduten bi indarren artean, edo bestela esanda, Euskal Herria denari eta izan behar duenari buruzko abertzaleen definizioaren eta ideia, sentimendu eta jomuga horiek konpartitzeko euskal gizartearen beste zati batek agerturiko erresistentziaren artean gatazka iraunkor bat daukagula.
Barruko desberdintasun sakonetik eratorritako gatazka euskal gizartearen muin-muineko ezaugarria da. Negatiboan ikusita, argi gorri iraunkor bat da, abertzaleei gizarte osoaren ordezkaritza euren gain hartzeko tentaldia burutik kentzen diena; hautestontziak eskaintzen duten argazkiak, behin eta berriz sistema politiko espainiarraren alde bozkatzen duen hautesleriarenak alegia, agerian jartzen du nahikari horren oinarri falta. Positiboan ikusita, ordea, pluralismoak akordioak bilatzera eta elkar ulerkuntzako espazio komunak eta alde bakoitzaren baieztapen arloak konbinatzera behartzen du.
Baina eskuragarri ditugun adierazleek ez dituzte erakusten mundu politiko banandu eta elkarren aurkako bi bakarrik. Beste hau ere frogatzen dute: banaketa horrek ez duela sortzen etengabe urratuta eta komunitate bitan bananduta dagoen gizarterik. Horrelakorik ez da gertatzen. Eta agian ez da gertatzen, mundu bi horien bitartean hirugarren bat dagoelako batetik eta bestetik hartzen duena eta gauzak bigundu eta orekatzen dituena, eta beharbada mundu hau jendetsuena da. Azken honen adierazle bat identitate bikoitza, euskal-espainola, agertzen duen populazio segmentua da, inkesten arabera jendetsuena.
Bestalde, ez da ahantzi behar abertzaletasunaren eta pluralismoaren arteko gatazka horren emaitza, orain arte balantze garbi emankorra eduki duena. Esan daiteke gatazkak mende honetan zehar gizartearen eta nazionalismoaren aldakuntza eragin duela eta gaur berton ere eragiten ari dela. Euskal gizartea asko aldatu da euskal nazionalismoaren eraginez. Eta hau ere nahikoa aldatu da, nahiz eta oraingoz gutxiago eta irispide laburragoz, gizartearen presioaren eraginez.
Zirkunstantzia espainola. Mende oso batean talkaka ibili ondoren, argi dago euskal nazionalismoa-ren eta estatu espainolaren arteko gatazka, hark Euskadi eta Estatu espainolaren arteko gatazka moduan formulatzen duena (Iparraldeari dagokionez estatu frantsesarekin). Gatazka hauxe izan da euskal nazio eraikuntzaren gaurdainoko kanpo zirkunstantzia nagusia.
Zirkunstantzia espainolak bi arazo elkarrerlazionatu hartzen ditu. Lehenengoa, Euskadiren erlazioa Estatu espainolarekin. Bigarrena, Espainiaren eta beronen definizioaren (nazionala edo plurinazionala) arazoa, periferiako nazionalismoentzat gaur arte eurek nahi bezala soluzionatu gabeko auzia. Abertzaletasunaren lotura arazo bi horiekin isolamenduaren eta inplikazio engaiatuaren eta anbiguotasun handiz biok konbinatzen dituen hirugarren baten artean ibili da batetik bestera.
Baina, dena dela abertzale munduaren kokalekua, hortxe dago ukaezin estatu errealitatea (espainola edo frantsesa), nazio eraikuntzari dagokion guztia baldintzatzen duena gaur egun eraikuntza hau burutzeko daukagun lege-markotik. Gehiago oraindik, euskal gizartearen zati handi bat estatu espainolean eroso sentitzen den heinean. Eta areago, euskal gizartearen gehiengoak, inkesten arabera, uste baldin badu estatu errealitatea nabariki hobegarria dela eta autogobernu eskari eta xedeei hobeto erantzutearen alde ageri bada.
Ezin dugu ahantzi, beraz, arazo hauek kontuan hartzeko premia euskal gizartearen baitatik edo behintzat beronen zati handi baten baitatik sortzen dela. Hartara, abertzale munduak kanpoko auzitzat daukana ez du horrela ikusten arazo horiek euskaldunenak ere badirela uste duen euskal gizartearen zatiak. Eta ez da ahantzi behar, azken batean, barrukoa-kanpokoa bereizketa, honetan, hain dela erlatiboa eta subjektiboa, non sentimendu baten edo begirada baten menpean baitago.
Zirkunstantzia europarra. Europar Batasuna gauzak aldatzen eta bertan sarturiko herrialde guztien bizitza gero eta gehiago determinatzen duen kanpoko zirkunstantzia berri legez agertzen da. Egun duen bertsioan ere, estatuen hegemoniaren pean ere, espazio politiko berri bat zabaltzen du, beste subjektu politiko bat abian jartzen du eta arazo berriak sortzen ari da dagoeneko, eta etorkizun hurbilean ahalbide, gatazka eta harreman eremu berria sortuko du zalantzarik gabe.
EBk sakonki aldatzen du estatuen egungo boterea, estatu subiranotasuna batik bat, beronen interpretazio tradizional erradikala –konpartitu gabeko botere baldintzatu gabea eta absolutua– baliorik gabe gelditu delarik gertaeren abioan. Aldaketa honen ondorioz, EBren garapenak eragina du indarrean dauden beste botere guztien baitan, bitartekoen eta lokalen baitan, eta hemeretzigarren mendeko kontzeptuetan ainguraturiko erreibindikazio nazionalista tradizionalak berrikustera behartzen du. Besteak beste, independentziaren zentzua aldatzen du, orain irudi ez hain separatista eta egoista erakutsiz Europar Batasunean egoteko beste era bat bezala; baina aldi berean, beste zentzu batean, EBn egun bazkide diren estatuekiko lokarrien etendurarik suposatzen ez duten irtenbideen alde presionatzen du.
EBk bere esparruan nagusi diren baloreen mundura sartzera behartzen du erabateko aginduz; sartzen ez dena aire zabalean gelditzen da, harresiz kanpo lau haizetara. Baina balore-lauki horrek proiektu nazionalistaren egiantza eta sinesgarritasuna areagotzen ditu epe luzera, balore liberalekin bateragarri den proiektu nazionalista aurrera ateratzeko eta gehiengoaren arau demokratikoak berretsia izateko ahalbidea dagoen nonahi. Hartara, baldintza horiek dituen ezein tokitan ezingo du Europar Batasunak gerarazi, eta are gutxiago ukatu, baldintza demokratiko guztiak betetzen dituen autodeterminazio prozesurik.
EBk, euskal lurraldeen arteko mugez haraindiko eskualde bat garatuz arazo komunetan egoki deritzoten jarduna hitzartzeko, ahalbide berriak eskaintzen ditu eta agian euskal “auziari” irtenbide berriak erraztuko dizkio. Esan daiteke azken hauxe dela garrantzitsuena, konpontzeke dauden auzi nazionalei dagokienez Europar Batasunaren garapena esploratu gabeko mundua izanik, sormen politikoaren eremurako bidea zabaltzen duen neurrian.
ETA eszenatokitik aldentzea eta abertzaleen erradikalizazioa. Aspalditxotik, baina batez ere ETAk 1998ko irailean tregoa iragarri zuenetik, abertzale mundua mugimendu bikoitz kontrajarria burutzen ari da... ETA eszenatoki politikotik aldentzea eta ENAM sistema politikoan integratzea lehenago izandako erradikaltasuna murrizteko mugimenduaren aurpegi biak dira. Baina, alderantziz, abertzale munduaren, eta bereziki ELA eta EAJen, erradikaltze abertzalea ikusten ari gara. ETAz kanpoko abertzale munduaren mugimendu hau, tregoaren aurrekoa izan zen, hura etortzea ekarri zuelarik neurri handian, eta lau arazo edo gai sorta berean lotzeko aukera politikoaren forma hartu zuen, lau arazo hauexek alegia: bakea, abertzaleen hegemonia instituzioetan, nazio eraikuntza eta euskal “auziaren” konponbidea. Honek ez du zerikusirik gehieneko programa abertzalearen inolako aldaketarekin, programa hori lehengo bera baita orain ere, baina bai eurek subiranistatzat kalifikatzen duten eta honako hauek barne hartzen dituen bira politiko batekin, alegia, autonomi estatutua agortutzat jotzea eta beronen ordez marko juridiko berria galdatzea, aldi berean apustu eginik ETAk eszenatoki politikotik irtetea eta ENAM bizitza instituzionalean integratzea erraztearen alde.
Ez da aurreikusterraza zer norabidetan eta zer nolako ondorioz baldintzatuko duten mugimendu kontrajarri bi hauek hurbileko etorkizuna. Irudi abertzale erradikalagoaren aldeko apustua datozen urteetan lehenago eta urrunago heltzen saiatzeko palanka izan daiteke. Baina, paradoxaz, hain urrun eta hain agudo joaterik ez dagoela estaltzeko era erretoriko bat ere izan daiteke.
Apustu honetan zail dira bereizten “bakegintza prozesuari” buruzko kalkulua epe motzera, alde batetik, eta eraikuntza nazional gisa ulertzen dena, bestetik, funtsean epe luzeko kontua berau. Edonola ere, apustu honen bultzagarri izan daitezkeen hainbat zio ageri dira: atsekabe eta dezepzioak, ezinegon eta kezka estrategikoak, botere gosea eta abaguneko interesak, gisa erresuminak eta are begirada hertsiak eta autistak neurri batean. Zehazkiago, hiru argudio konbentzigarri daude. Badirudi, lehenik, abertzale mundua gauza askotxotan, gero eta gehiagotan, pozik ez egoteari darraiola: estatutuaren gorabeherengatik –bete gabe edo edukiz hustua batzuetan, dituen alderdi sozialenetan garatu gabe-hauteskundeetan boto-gehitzerik ezagatik, euskararen eta euskaldunaren egoera prekarioagatik, Nafarroak bereiz dirauelako, Europako arazoetan hutsaren hurrengo partehartzea daukagulako. Zerikusi handia du, bestalde., ortzemuga abertzalea zabalik uztearekin, “azken” sabaitzat egungo estatutuaren markoa balu, oso ahul geratuko bailitzateke. Sabai honetara mugatzea ezinezkoa da, bideko geltokitzat, ez helmugatzat, hartzeko tradizioa gogoan izanda, are uste izanez gero EBk itxarobide berriak zabaltzen dituela epe luzera bada ere. Azkenez, aukera senari ere erantzuten dio, sen horrek tirakada handi bat ematea aholkatzen baitio ETAren lurreratzea errazteko eta bidenabar indar erlazioan aurrerakada funtsezko bat egiteko. Euskal nazionalismoaren historia ezagutzen duenak erreparatuko zuen tirakadak ematea behin eta berriz gertatzen den fenomenoa dela, etengabeko deskonformismoaren adierazpen gisa, abaguneak horretarako bide ematen duen guztian. Bada, oraingo une honetan eman daiteke tirakada bat, aldakuntza-itxarobide bakarra ETAk armak betiko uzteagatik gizartea ordaintzeko prest dagoen “pizgarriarekin” lotzen den honetan.
Hemendik aldi batera, presoen arazoa konpondu eta ETAren zikloa bukatzen denean, egundoko egoeran izango gara, hau da, euskal nazionalismoa duela hirurogei urtetik hona bultzatu duten eragileak bazterrean utzita jokatu beharrean aurkituko da.
Gehiengo abertzale berria. ETAk 1998ko irailean tregoa iragarri zuenetik helmen politiko-sozial han-diko tresna bat jarri da abian: abertzale mundu osoaren aliantza eraikuntza nazionalaren oinarrizko arazoetarako, honen beharrizanaren onarpenean bat datozelarik indar abertzale guztiak, hala politikoak nola sindikalak. Aliantza horren indar potentzial guztia orain arte banan jokatu duten korronte abertzale biek bat egitean datza, bat egite hau nahitaezko baldintza batetik zintzilik dagoelarik: ETAk eszenatoki politikoa uztetik eta ENAMen integrazioa bizitza politikoan normalizatzetik.
Indar abertzaleen baturak instituzioetan demokratikoki ordezkatzen denaren neurria ematen du. Zentzu honetan, haren herri legitimazio demokratikoaren neurririk erabilgarriena da. Horregatik, ezinbesteko baldintza da hau, edozein nazio eraikuntza proiektu abertzaleren egiantza sinesgarri egiteko. Baina ahalbide hori formulatze hutsak norabide osoa eman dio aspalditxoan mugimendu abertzaleak zekarren zentzu-klrisiari. Ataka honek zerikusia zuen, besteak beste, 89az geroztik hauteskundeetan iraunkorki izan den geraldi eta atzerakadarekin eta “azken helmugen” pertzepzio lanbrotsuegi eta urrunduegiarekin, lortezin ageri baitziren, abertzaletasuna aurrera barik atzera zihoan zentzazioz beteriko orainalditik ikusita. Gaur egun, helmuga tradizionalak egokienak diren ala ez argitu ez bada ere, baikortasuna da nagusi bidea ibiliz egiteko ahalbideari buruz. Abertzaleen instituzioetako gehiengoak suposatzen duen baliabideak argiago uzten du etorkizunaren ortzemuga, nahiz eta EAEn bakarrik oraingoz, eta zabalago uzten dizkie berehalako ekintzarako bideak.
Erronkak,
arazoak
eta dilemak
Oraintsuko historiari xehetasunez so eginda, ikusten da euskal nazionalismoa une “fundazional” biren bultzadaz heldu dela gaur arte, bion ezaugarria osagai asko eta indar-
tsuen bat egite egokia izan delarik, abertzaletasuna bizkortu zuten helmen handiko eragileak alde izan dituelako, eskari-eskaintzen egokitzapenagatik azken batean.
Lehenengo bultzada Sabino Aranarena da. Honen eragile, XIX. mendearen amaieran modernitatearen eraginez euskal gizarteak eta beronen agintaritza-sistema guztiak izan zuten krisi egoeran nazio baten birsortzearen berri ona helaraziz maisuaren mezua –joan eta ugal zaitezte– hedatu zuten aitzindarien epika eta etika dira. Bultzada hau II. Errepublikan heltzen da bere goren gradura, orduantxe bizitu eta berriztatu baitzen, baina gero agortu egiten da eta ez da gai belaunaldi berriei, zirkunstantziak aldatzean, erresistentzi eredu erakargarririk eskaintzeko.
Bigarren bultzada ETAk damaio, hau da, berriztatzeko eta mugimendu abertzalearen ekintza euskal nazionalismoaren etsai porrokatua den frankismoaren aurka egokitzeko premia sentitzen duen belaunaldi berriaren asaldaketaren adierazpen erradikalenak. Fundazio berri honek hastapenetan eragile indartsuak izan zituen bultzatzaile: galtzaileen erresumina, herri baten harrotasunaren berreskuraketa, euskararen egoera deitoragarria, abertzaleen identifikazio-ezaugarri guztien errepresio gogorra, dramatismoz hautemandako egoera bati erantzuteko norbanakoaren konpromiso gogorraren etika eta epika. Eta gero, 70.eko azken urteetan hiru sentimendu indartsuz elikatu zen. Lehenbizi, trantsizioan frankismoarekin itunduriko frustrazioaz. Gero, milaka familia bortizki kolpatzen zituen krisialdiaren aurrean jendeak duen ziurgabetasun eta egonezinaz. Azkenez, demokrazia pattalez hornituta, ETAren kontrako gerra zikinean sartuta eta jendeak biziki sentitzen zituen Lemoizko Zentral Nuklearraren eraikuntza eta NATOn sartzea bezalako arazoetan gehiengoaren jomugetatik urrun ageri zen estatuarenganako jarrera hiperkritikoaz.
Egun garai-aldaketa baten aurrean aurkitzen garen sentimendua da nagusi, ziklo luze bat bukatua dela eta beste berri bat, zenbat denboraz iraungo duen ez dakiguna, hasia dela erdikusten uzten digun sentimendua. Inork ez dio baieztapen horri eragozpenik jartzen. Gehien ere aldaketaren mamia, ekarri duten zirkunstantziak, horretatik guztitik datozkigun erronkak zein diren eztabaidatzen da.
Zein dira garai berrian euskal abertzaletasuna bultzatuko duten eragileak? Edukiko ote dute aurrekoak ordezteko behar duten indarra, eta haiek bezalako helmen handikoak izango ote dira? Inertziak antifrankismoko zaharrak berrituta mantentzera tiratzen du, baina honek eragozpen handi bat dauka bere baitan: gaur egun ez daukagun egoera nazional dramatikoa birsortzen duela. Beste alde batetik, trantsizio une nahasietan bizi da jendea, are egoera berria zaharreko lengoaiaz eta haren babesean adierazten denean, jaio aurretik baztertuta ez geratzeko. Gehien bultzatzen duena badirudi ziklo baten azken fasea, ETAren zikloarena, ondo edo, bestela esanda, galtzaile irten gabe, amaitzeko beharrizana dela. Gero eta garbiago ageri den beste eragile bat autogobernuko botere instituzionalaren babesean eraturiko elite berriak (politiko, sindikal, kultural, ekonomikoak) gizartearen buruan irauteko duen interesa da, horretarako hegemonia abertzalea zaindu eta eremu berrietan garatu behar duelarik.
Hitz batean, antifrankismorik gabe aurkituko gara, hau da, egoera nazionalari bira kopernikarra eman zion erreakziozko bultzadaren motore hura gabe. Eta ETArik gabe, hots, erreakziozko bultzada haren adierazpen biribilen eta erradikalena gabe, zeinaren epopeiak (epika eta tragedia eta guzti) bultzada antifrankista gaur arte, Franko hil eta mende laurden geroagora arte luzatu ahal izatea ekarri duen. Nazio eraikuntzaren inguruan erabili izan ditugun kontzeptu eta baloreak, praktikan guztiak, bultzada horrexetatik jaioak dira. Egun, askoren oroimenean dirauen arren, agortuta dago etorkizunera begiratuz gero. Geroak beste bultzada bat, beste balore eta kontzeptu batzuk beharko ditu.
Nazionalismo abegikor eta sormenduna. Errealitate zirkunstantzialaz harago, jaio beharrik indarka datorren izaki berria premia multzo bat da, aspalditxoan euskal nazionalismoari, duela mende bete sortu zen garaiko gizartetik ez ezik, duela berrogei urte birsortu zen frankismoaren garaikotik ere oso ezberdinak diren gaur egungo gizarte eta garaiko errealitateetara egoki eta molda dadin galdatzen ari zaiona. Barruan daramanera eta baldintzatzen duten kanpo zirkunstantzietara bete-betean egokituriko euskal gizartea eraiki beharrak ahalegin handia galdatzen dio nazionalismoari, helburuak, asmoak eta argudioak berriztatzeko, baita mende honetan barnako bere ibilbidea eta historiaz duen bertsioa berraztertzeko ere.
Bere “barne” proiekzioan erronka bat planteatzen zaio, alegia, bere jatorri, kidetasun sentimendu eta identitate nazionalari dagokienez anitza den gizarte bati “gu” egoki bat proposatzeko erronka; eta honek ahalegin sortzaile handia egitera behartzen du “gu” abegikor, barneharkor, integratzaile bat eraikitzeko. Bere “kanpo” proiekzioari dagokionez ere ahalegin sortzailea egin behar du helmugak, bideak eta estrategiak aldatzeko lanean, estatu eta estatuarteko errealitateak sakonki aldatzen ari diren garai bateko aldaketa eta zirkunstantzietara moldatu eta egokitzeko. Bestela esanda, buruzagi izan behar du euskal gizarteak bere kultura publiko komunaren oinarrizko ondare gisa onartzen dituen helburu kolektiboak zein diren argitzeko ahaleginean. Eta, kultura horren oinarrizko zutoin legez, batzuk eta bestetzuk integratzeko moduko proiektua eduki behar du, “norberea” eta “besteena” barnesartuko dituena.
Tradizio abertzalearen berrazterketa. Tradizio abertzale erradikala ideiaz, jarreraz, posizioz, kodez osaturiko bloke bat da, doktrina bat eratuz joan dena eta belaunaldiz belaunaldi herentziaz transmititu dena. Ideologia/politika arloari dagokionez, lau ezaugarritan biltzen da doktrina erradikala. Antiespainolismoa: espainola den edozeren, ororen, arbuioa, euskalduna dena inbaditzen baitu eta arrotz baitzaio. Ortzemuga independentista: Espainiarengandik banantzea. Ortzemuga euskalduna, ez dena hainbeste alde instrumentala, euskara menperatzea, baizik egiazki euskaraz bizitzea, gaztelaniaren presentzia ahalik gehien murriztea, hizkuntza nazionalaz ordeztea. Zazpi herrialde euskaldunak batean biltzea, osakideen autodeterminaziorik gabe (nahiz eta Sabino Aranak onartu). Hau guztiau indar diren ideia bitan laburbil daiteke. Alde batetik ibilbide nazionalistaren azken helmuga: erabateko subiranotasuna eta euskalduntzea, arestian esan bezala ulertuta. Bestetik, politika espainolean eta indar espainolekin ez nahasteko agindua. Definizio erradikal honen oinarriak Gallastegi eta beste batzuk bezalako jendeak formulatzen ditu, berauek ere Sabino Aranarengandik hartuta; gero Jagi Jagiko korrontean ernetzen dira eta azkenez ETAk berreskuratzen ditu.
XX. mendearen lehen herenean, independentismoa eta espainola den orori uko egitea identitate erradikala adierazten duten ezaugarriak dira, ideion eustaileak euskal gizartearen gehiengoarengandik banantzen dituztenak. Hartara, ez dute balio funtzionalik, ia bat ere, garai horretan. Argi esateko, independentismo honen jarraitzaileek oso konexio eskasa dute garaiko errealitatearekin. Gallastegik, espainolen arazoa delako, gerra zibilean parte hartzeari uko dagionean daukan bakardade morala haren paradigmarik dramatikoena da.
Frankismoaren pean, ETAk tradizio abertzale erradikalera joko du, bere idearioa eratu, elikatu eta EAJenaren aurrez aurre jartzeko. Era honetan erradikalak esangura hartzen du errealitate zapaltzaile eta errepresiboaren aurrez aurre. Frankismoko baldintzetan, nazionalismo berria behar da, eskuzabala gizabanakoaren konpromisoan, honetarako epika eta etika erradikalak –Aberria ala hil! Euskadi ala Espainia! Euskaraz mintzatzea, plastiko karga bat jartzea bezain iraultzailea da!– zeharo funtzionalak direlarik. Ezker abertzalearen itzal moral eta politikoak diktadura batekoak bezalako muturreko egoeretan jokabide erradikalek duten onarpen eraginkorrarekin dauka zerikusia.
Orain berton ere, proposamen erradikala funtzionala da, paradoxaz, egitate abertzalerik erradikalena, ETA, eszenatik alden dadin eta bere lurreratzea erraztu behar zaionean. ETAk bere jarduera uztearen truke zerbait gehiago lortzen den ikusteko ere funtzionala da. Eta are ziklo aldaketaren galdapenaren lagunkide ontzat jo daiteke. Baina hauetatik guztietatik harago, egungo baldintzetan euskal tradizio erradikalak duen balioa planteatu behar da. Balioa al da, tradiziotik datorkigun modu-moduan? Zer esangura dauka gaur? Zein eiherara darama ura eta zer ur darama? Oraingoz, aukera abertzale erradikala eliteen kontua edo gutxiengo hiperpolitizatu baten kontua dela dirudi. Gizartearen gehiengoak, mundu abertzalearen zati bat ere beronen baitan sartuta, naziotasuna dramatismorik gabe bizi duela dirudi, beste era batera, mundu garaikidearen leialtasun, zaletasun eta sineskeren aniztasunaren zati bat bezala. Eta honek desdoikuntza nabarmena inplikatzen du euskal naziotasunaren biziraupenari buruz alarmak argi gorrienaz pizten dituen diskurtso erradikalarekin. Azken hogei urteetan egindako aurrerakadaren ebidentziak beste zentzazio batzuk helarazten ditu, daukagun gatazka konstituzionalaz haraindi.
Tradizio abertzale erradikala zenbait dilemari aurre egin beharrean aurkitzen da une honetan. Berauetako batek, benetakotasunaren dilemak, benetakotasunaren eta agintearen arteko alderantzizko korrelazioa planteatzen du. Benetakotasunak, hau da, ortodoxia desbideratzeetatik defendatzeak, harresi bat eraikitzen du nazionalisten eta gizartearen artean, nazionalistarik asko ere ez dagoelarik konforme harresi honekin, eta agintetik urruntzen ditu bere defendatzaileak. Bigarrena hedapen eta intentsitatearen dilema da, elkarren kontrako magnitudeak berauek: zenbat eta hedapen handiagoa intentsitate txikiagoa eta alderantziz, kasu honetan mundu abertzalearen ideia eta galdapen politiko nagusiei oro har aplikatuta, erradikaltasunez haraindi. Hirugarrenak, tentsioaren dilemak, tentsio abertzalearen eta orotariko zirkunstantzien artean dagoen korrelazioa hartzen du; hartara, zirkunstantzia dramatikoei dagozkien tentsioa eta epika, aldatu eta jada hain dramatikoak ez direnean, mantengaitz eta artifiziotsu bihurtzen dira. Azkenez irtenbidearen dilema dago, ahots eta leialtasunarekiko korrelazioa planteatzen duena. Ahotsik ez dagoenean, frankismoan gertatu zen moduan, ezin da egon leialtasun konpromisorik eta zentzua dauka irtenbidea era erradikalean planteatzeak. Baina ahotsa dagoenean eta boto independentista defendatzeko aukera dagoenean, zailago da irtenbide proposamen horrek indarra edukitzea eta bizitzak konpromisoa bitarteko eremuetan bilatzera bultzatzen du.
Aipaturiko dilemek funtsezkotzat jo daitezkeen beste bitara bidaltzen gaituzte: etnosen dilemara eta subjektuaren dilemara. Lehenengoaren arabera, zenbat eta gehiago ekin euskal etnos bereziari, argiago agertzen da euskal demosaren zati handi bat ez datorrela bat horrekin eta jende hau identitate-gatazka baten pean dagoela, halatan, non urrundu egiten duen euskal etnosaren berezitasuna nabarmentzeak etnos horrekin bat eginda sentitzen ez den demosaren zatia eta kontrako mugimenduak ere eragin ditzake jende horrengan. Subjektuaren dilemaren logika, aldiz, honako hau da: proiektu abertzalea burutzeko gehiengo zabalak osoturiko subjektua behar da beronen autodeterminazio-programaren alde egingo duena, baina gizartearen sektore “ez nazionalistek” ez dute gaur arte proiektu borren barruan sartzeko interesik erakutsi eta, ondorioz, proposaturiko helmugak eremu soziologiko abertzalea gaindituko duen subjektu politikoa eraikitzea eragozten du.
Gauzak horrela, tradizio abertzale erradikalaren zutoin ideologikoak berraztertu beharra dago, egungo zirkunstantziekin adosago dauden arrazoi, helmuga eta baloreak sustatuko dituen erradikaltasunaren zentsu berria birsortzeko.
Zentzua,
perspektibak eta baloreak
Nazio eraikuntzaren zigilu alternatiboa, ezkerrekoa. Lehenik, abiagune negatibo bikoitza kontuan hartuta hauxe esan behar da: Ezker bezala, pisua galdu du gizartean, zirriborrotsu ageri da, higatu egin da bere indar sozialean, sormen alternatiboan, adore eta dinamismoan. Eta ezker abertzale moduan, ETAgatik, bere buruzagitza moralean ere higatu egin da.
Bigarrenik, esan behar da kontua ez dela borroka nazionalaren ondoan erreibindikazio “sozial” batzuk ere jartzea, hauek ere barne hartu arren.
Azkenez, esan behar da nazio eraikuntzako prozesuetan sortzen den boterea lortzeko borroka sozialari jarri beharreko kontrapuntua dela. Indar instituzionalari baino areago indar soziala sortzeari eta gizabanakoaren hobekuntza moralari so dagoen begi-puntua da. Helburu edo jomugen aukeraketan du eragina batez ere, onartzen diren eta garatu nahi diren baloreetan, honetan guztian dagoen “logikan”.
Zentzua, perspektibak eta baloreak
Integrazio ereduak. XX. mendean barna abertzaletasunak euskal gizartean egin dituen aurrerapenak ikusita, hor dago zutik mende honetako historiak erakusten digun ikasgaiari buruzko galdera. Bideragarria al da eskaintza abertzalea, hau da, komunitate-identitate trinko eta agindu publiko eta pribatuz betearekin bat egiten duena, mota honetako herri bat egiteko: nazio moduan aintzatetsia, euskalduna, bere lurraldea duena –Euskal Herri osoa, identitate propioa, ez espainola ez frantsesa– eta EBren barruan ahalik subiranotasun edo burujabetza handiena daukana? Ba al da aurrera ateratzerik eskaintza hau garai honetan eta Euskal Herrikoa bezalako gizarte batean, eskaintza horren helmugak berraztertu gabe, eskaintza hori nolabait bigundu eta goxatzerik izan gabe? Sakoneko eztabaida da hau, semantikatik haragokoa, nazio eraikuntzaren gramatikari eta etikari buruz. Eta aldez bederen helburu eta ikuspegiei buruzko eztabaida da, baina baita integrazio proposamen eta ereduei buruzkoa ere, eta, halaber, helburu eta jomugek beti baldintzaturik izaten diren bide eta estrategiei buruzkoa, eta baloreei buruzko debate bat ere bai, eta, orobat, euskal nazionalismoan nagusi den integrazio-kontzeptuaren aldaketa galdatzen duten errealitate soziologikoei buruzkoa.
Komunitate politikoaren lurraldean bizi den jendearen integrazioa eta kohesioa balore nahitaezkoak dira populazioaren gutxieneko ongizatea segurtatu nahi duten erregimenetan. Gaur egun bururaezina da guztien funtsezko eskubideak bermatuko dituen komunitate politikoa, baldin bertako jendea hertsiki baturik (kohesionaturik) ez badago osoaren zatiak bezalaxe (integraturik). Areago, uste da ezen, zenbat eta solidaritate ahalegin gehiago egin beharra eduki hiritarrek eta zenbat eta zerga-karga handiagori erantzun behar ongizate estatuari eusteko, orduan eta batasun eta egonkortasun gehiago beharko dutela.
Atzera begiratuta, esan daiteke gizarteek, bizirauteko eta betikotzeko beharrezko zutelako nonbait, beti bilatu izan dutela ordenu eta egonkortasun, integrazio eta kohesio maila egokia. Hainbat eta hainbat mendetan gizarteen egonkortasuna hizkuntza eta erlijio diferenteetako eta lurralde ezberdinetako populazioak aginte beraren eta beronen indar hertsakorraren menpean edukitzean oinarritu da. Antzinako munduaren funtsezko puntua izan da hau, batzuetan honekin batera gizarte osoen suntsipena ere eragiten zutelarik eta populazioaren sektore batzuen kontrako desberdintasuna eta segurtasun juridikorik eza gauza arrunta izaten zirelarik.
Modernitateak gizarteen integrazio mekanismoetan irizpide aldaketa inplikatzen du. Alde batetik baloratu egiten da kultura eta ideia nazional bera konpartitzea, gizarteen kohesioa eta integrazioa indartzen dituelako. Bestetik, menpekoa herritar bihurtzea planteatzen da, honetarako oinarri funtsezkoa berdintasun juridikoa delarik, hau da, odolezko pribilegioak eta estamentu-hierarkiak kentzea.
Modernitate garaian kolektibitateak integratzeko hiru eredu diferente izan dira nagusi. Bortxaz onartarazitako eredu nazional ezarriak –lehenbiziko eredua berau– populazioaren uniformetasuna lortu nahi du –hizkuntzan, kulturan, identitate nazionalean kidetasun sentimenduan, historiaz duen ikuspegian– eta xede hori betetzeko behar den lege edo gizarte-hertsapena darama lagun. XIX. mendean, aurrerabidearen mitoari eta gehienbatean zeuden baldintza predemokratikoei esker, integrazio eredu hau eraginkorra izan zen leku askotan. Baina gaur egun ezinezkoa eta anakronikoa da, demokrazia liberaletan bederen. Aniztasun modernoa murrizteko hain hertsapen gogorra behar da, non txarrean ere ez duen zereginik.
Borondatezko onarpenaren ereduak aurrekoaren eragozpenak zuzendu nahi ditu, haren xedeei eutsita. Eredu honen gako nagusia borondatezkotasuna da eta, ondorioz, hertsapena kentzea; gainerako guztian onartarazpen bortxatuaren baliokidea da. Eredu honek gizabanakoaren planoan, eta norabide guztietan, kultura trukea dagoen edozein lekutan gertatzen den egitate integratzaile bat aintza hartzen du. Baina, gizabanakoaren mailatik harago, zail da, ezinezko dela ez esatearren, lortu nahi diren fruituak ematea gizarte ireki, anitz eta demokratiko batean. Praktikan, eredu teorikoa da, erreala baino gehiago, eta hantxe dauka beti tentari hertsapenaren geriza zurbila.
Integrazio konplexuko ereduan beste eredu bat, guztiz ezberdina, erabiltzen da: gutxieneko komunitate-oinarriak adostea, identitate konplexu eta anitza eraikitzeko, honek aurrekoak baino mestizaje konplexuagoa eragiten duelarik. Gizarte anitzak berezko izaera gatazkakorra duenez gero, gatazka gainditzeko barik erregulatzeko ikuspegiaz jokatzen da, eta komunitatearen oinarri integratzaileak etengabe birnegoziatzea aurreikusita. Hau gauzatzea, eta are pentsatzea, korapilotsua da eta hau ere eredu teorikoa da, erreala baino gehiago, oraindik orain behintzat. Baina egitate eta dinamika asko dira, eskala txikiagoan, norabide honetan bultzaka hainbat lekutan.
XX. mendeko euskal gizartearen esperientziatik ondorio bikoitza atera daiteke. Alde batetik, abertzaletasunaren hedakuntza fenomeno etengabea erakusten du, eta, beraz, komunitate abertzalearen harresietatik kanpoko sektoreen borondatezko barrurapen prozesu bat. Baina, beste aldetik, beste integrazio konplexuago bat ere gertatu da, identitate bikoitza eta are identitate ezberdina legitimatu eta bioi gizarte bizitzan lekua egiten diena, nahiz eta esparru pribatuan, publikoan baino gehiago. Azken honetan, integrazio ekonomiko eta urbanoko era neutroago bat izan da nagusi, honako bi elementu hauek konbinatzen dituena, alegia, eremu politiko-ideologikoko menpetasun pasiboa mundu-ikuskera abertzalearen alderdi kultural eta ideologiko exigenteagoekin, hau da, euskara, identitatea, mitoak eta sinboloak, sentimendu eta leialtasun nazionalak bezalako baloreekin.
Emaitzak, bada, anbibalenteak dira: integrazio maila ohargarria egon da, baina prekario eta behin-behinekotzat jo behar da. Borondatezko asimilazio edo barrurapenaren neurriak alde batera utzita, emaitzak alde bien interesen eta elkarri egindako lagapenen kalkulu arrazionalaren fruitu dira, elkarrekin baketan bizi nahiak eragindakoak, bestearen lilurapenak baino gehiago. Emaitzok, beraz, atzeragarriak eta hauskorrak dira. Zeinuz alda daitezke, zirkunstantziak aldatu bezain laster, eta behin eta berriro birnegoziatuak izan daitezke indarren erlazioa aldatu ahala. Baina puntu bateraino baino ez, zeren, seinale guztien arabera, orain ez baitago muga batzuetatik askoz harago joaterik.
Eredu abertzaleak bere postulatuak onartzera ekarri nahi du populazioa borondatezko asimilazioaren bidez: bere helburuekiko identifikazioz, asimilazio positiboko prozesu baten bidez, komunitate abertzaleak egindako errealitatearen irakurketa onartuz, definizio horren barruan dauden kodeetara egokituz. Kanpo uzten du espreski barrurapen edo asimilazio bortxatua; baina Euskal Herriaren etorkizuna jendea ideario abertzalera asimilatzearen arrakastarekin bat eginda ikusten du.
Arrazoizko al da orain helburutzat jartzea postulatu abertzaleak bereak bezala sentitzen ez dituen populazioa berorietara konbertitzea? Ez da arrazoizko epe laburrera, zalantzarik gabe. Arrazoizko ez den bezala jende horren exodo masiboa bururatzea. Baina honek ez du baliogabetzen esperantza epe luzera, utopia abertzale hirukoitzera –lurralde batasuna, independentzia eta euskalduntze osoa– zabalik datekeen etorkizunean. Onbera eta bidezkoz gain, arrazoizko eta logiko da ortzemuga horri eustea, euskal egitate nazionalaren funtsezko zutoinen prekarietatea handia delako eta haizea kaiolan sartzea komeni ez delako hain aldakorra den gaurko munduan.
Gakoak ezker sozialetik. Integrazio ereduei buruzko deliberamendua ezin da behar bezala burutu, nora joan nahi dugun eta puntu horretara nondik zehar helduko garen argi utziko duen definizioa eta justifikazioa mahaigainean jarri ezean. Ezkerreko gakoetatik, honako irizpide hauek darabiltzagu gizarte-kohesioaren helburu eta perspektibei dagokienez.
Lehenengo, euskal etnos bereziaren defentsa gizarte osoaren ondare gisa, gizartearen zati batena bakarrik barik, osoarena den zerbait izanik. Honek epe luzeagoko perspektibaz lan egin beharra suposatzen du, beste belaunaldi batzuentzat, giro integratzailean, gainera. Haizea kaiolan sartzerik ez dagoela jakinik jokatu behar da, demosak etnosa onartzeko epe finkorik ez baitago, epe kontua aldatu egin daitekeelarik alde bataren eta bestearen pertzepzioaren, beldurren eta gutxieneko bermatuen arabera.
Jende gehiago barnesartzeko moduko eta, beraz, konplexutasun handiagoko identitatearen defentsa, euskal gizartean dauden identitateak espreski aintzatetsiz, bai tradizionalki kontrajarritzat eta elkar ukatzailetzat jotako identitateak eta bai konpartituak, eta euren arteko elkarbizitza bultzatuz eta gatazkak erregulatuz. Gaur egungo desberdintasun erradikalaren aurrean, kontuan izan beharra dago beti elkarrekikotasun printzipioa, begirada bikoitza proiektatzen duena, joan eta etorrikoa, neure eskubide-betebeharretara eta besteen eskubide-betebeharretara.
Hirugarren irizpidea, aurreko biak trinkotzen dituena, gaur egun euskal res publicari dagokion guztia banatzen duten erreferentzi mundu ezberdinen artean elkarreragin positibo bat sortzea da. Jarduera aldebakarrez izanik ere mereziko luke halako helburuaren alde borrokatzea, “beste aldea” horretarako uzkur agertu ala ez.
Laugarren, gako urrutienak ortzemuga hurbilagoa zedarritzen duten gakoetatik, hots, belaunaldi baten edo biren epean idealki egingarri denetik, bereizi beharra. Euskal nazionalismoak gauza bion premia duela frogatu da, eta, bion arteko oreka hauskorra zaindu ezean, krisian sartu ohi dela; zentzu krisi bat, baldin ortzemuga hain urrunekoa bada eta hain ezinezkotzat hautematen bada, non etsipena sortzen duen; edota orientazio krisi bat, ikuspegi ahul eta epe motzekoekin jardunez gero. Gaur dakusagu mundu abertzalea eroso dagoela gako urrutienetan, baina ortzemuga hurbilena, dena delakoa izan, zedarritzeko uzkur ageri dela, ordea.
Bosgarren, komunitate gatazkaren bukaera-konponbidearen ideia ez erabiltzea komeni da. Behin betiko konponbide bat bilatzea, dela zelai batak bestea irensten duen garaipenaren bidez, dela bien arteko akordio egoki baten konponbide harmoniatsuaren bidez, gatazka nazio-identitate partekatuaren bitartez gainditzeko asmoan oinarritzen da. Baina denak adierazten digu hori ameskeria besterik ez dela eta arrazoizkoagoa dela, ordea, zenbait urtetarako behin-behineko konponbide bat bilatzea. Hau da, gaurko garairako minimoki egokia den konponketa bat, zeina, zirkunstantziak kontuan hartuta, ez da izango txapliguekin ospatzeko modukoa, gatazkak ez dituelako deusezten eta, behin betiko ortzemugarik ez duenez, ezegonkorra gertatzen delako. Baina, hori horrela izanik ere, konponketa on bat izan daiteke gizarte-kohesioa hobetzeko, baldin konpromiso batean oinarritzen bada funtsezko arazoei buruz, hartutako konpromisoak alde guztiek serioski hartzea lortzen bada eta orain adostutakoa beste belaunaldi batzuek birnegoziatuko dutela edota zirkunstantzien aldaketak eragingo diola ulertzen bada.
Seigarrenik, helburuetan eta ikuspegietan argitasun handiagoa behar da, zeren horretaz erabili ohi diren formulak, hala nola elkarguneak bilatzea, nazio kohesioa eta integrazioa gehitzea eta abar, generiko eta nahasiegiak gertatzen dira, agian formulok mundu guztiak gainerabiltzen dituelako eta xede kontrajarrietarako erabiltzen direlako.
Azkenez, garrantzitsua da zatia osotik bereiztea, batari eta besteari buruz nahasi gabe eta nahasmenik sortu gabe. Kontzeptuok nahasten direnean eta zatia osotzat hartzen den bakoitzean –eskubide eta erreibindikazioen subjektutzat euskal herri uniboko eta pitzadurarik gabekoa erabiltzen denean, kasu–, beste problema bat eransten zaie dagoeneko mahai gainean daudenei. Aitzitik, euskal nazionalismoa zati gisa aurkezten denean, bere lege eta eskubide guztiekin baina gauzak nahastu gabe, benetako problemak (nahiz eta zati batenak izan) adierazteko irudian eta irtenbideen ekarpena egitean irabazten du.
Euskal nazio-auziaren balorazio morala. Euskal nazio arazoak gaur egun merezi digun balorazio morala, berriz, ekidinezinezko gaia dugu oinarri moralez beteriko ezker tradizioa berregiten saiatzen garenontzat.
Abertzaletasunak herri zanpatu eta jasailearen imajinarioa sortu du: baldintza injustuen menpeko, hala nola bere instituzio politiko tradizionalen eta bere jatorrizko hizkuntza nahiz kulturaren galera jasaten, estatu baten barruan bere borondatearen kontra egotera behartua, bere lurraldea muga artifizial batek zatituta eta bi potentzia atzerritarrek okupatuta... Historia kontatzeko era honek dituen gehiegikeria eta ahanzturak aztertzeari ekin gabe, zera esan daiteke, herri zanpatu eta jasailearen irudikapen honek nolabaiteko arrakasta izan duela mende honetan zehar. Baita esan daitekeen arren, halere, ez duela izan benetako sinesgarritasun moralik zirkulu nazionalistetatik kanpo, frankismo garaian izan ezik.
Gerra zibilera arte, euskal herri zanpatuaren irudikapen hori euskal gizarte gehienak bere egiten ez dituen edo behintzat hain dramatikoki bizi ez dituen “nazionalisten istorioak” besterik ez dira. Espainiak zanpatutako herriaren pertzepzioa ez dator bat euskal tradizioarekin, zeinen mito nagusietariko batek ere ez baitu salatzen inbaditzaile batek okupaturiko herriaren egoerarik. Ez dator bat, ezta ere, garaiko euskal elitearen multzo handienak duen ikuspegiarekin. Ezta ere proletario eta meatzari berrien edo nekazalgoaren “klase” ikuspegiarekin, zeinen patroiak eta errentatzaileak euskaldun peto-petoak diren.
Diktadura frankistapeko egoera oso bestelako gauza da. Ez dago esaterik euskal herriak gerra galdu zuela, euskaldunen zati bat, Nafarroan eta Araban gehiengoa eta Gipuzkoan nahiz Bizkaian garrantzitsua, garailearen bandoan egon zelako. Baina bai esan daitekeela Euskal Gobernu autonomikoak galdu zuela, berau sostengatzen zuen bloke politiko eta sozialarekin –bloke nazionalista, sozialista eta errepublikarrarekin– batera. Alderdi honek dena galdu zuen eta sinesgarritasuna eman zion, lehen aldiz abertzale eremu hertsiaz harago, herri zanpatu eta herrialde okupatu baten historiari.
Azken bi hamarkadetan, herri zanpatu eta jasailearen irudikapenak sinesgarritasuna galdu du, nazionalismoaren beraren sektore zabaletan barne, sistema demokratikoa eta autogobernuko instituzioak finkatzen zihoazen heinean. Are gehiago, irudikapen hori ezin izan da mamitu, egungo zirkunstantzietan, euskal gizartearen egoera ETAren eta estatu espainolaren arteko gerraren ikuspegitik soilik ikusi dutenengandik eta emozionalki ETArekin identifikatu direnengandik asko haratago.
Gaur egun, egia da, neurri handiko gatazka politiko baten aurrean gaude, baina ez da gutxiago egia istilu horren funts morala asko aldatu dela eta hustuz doala hein handi batean. Gaur egun zaila da nazio zapalkuntza baten aztarna hautematea, esaera horren zentzu gogorrean, existitzen den gatazka politikoan. ETAren eta estatu espainolaren arteko borroka tragikoarekin zerikusia duen guztia albo batera uzten denean –hor bai baitago karga moral handia eta zentzu oso desberdinetan gainera–, agerian geratzen da, beste era batera esanda, euskal gizarteari komeni zaionari eta hobeto doakionari buruzko iritzien eta irizpideen aniztasuna dela, hain zuzen, egungo gatazka politikoan nagusitzen dena.
Abertzaletasunaren helburuak –gizartea euskalduntzea, bere nazio nortasuna berrezartzea, hizkuntza eta kultura propioa berreskuratzea, euskal nazio nortasunaren biziraupena eta garapena bermatzeko instituzioak lortzea, hiru euskal lurraldeak batzea–, hasiera batean bederen, gizarte zati baten adierazpenak dira, hots, gizartearen zati batek arrazional, arrazoizko eta guztien interesekotzat dituen bere ondare edo balio propioak gizarte osoari transmititzeko duen interesaren adierazpena. Horien legitimitate morala eta politikoa bi baldintza betetzeari lotua dago. Lehenengoa, arau demokratiko hertsiari, hau da, biztanleria gehienak aske eta demokratikoki onartzen duenari lotzea. Bigarrena, herritar guztientzat berdinki baliozkoa den oinarrizko eskubideen babes sistema bat finkatzea, hala nola gutxiengoaren aintzatespena eta begirunea bermatzeko neurri sorta aski eta asebetegarria. Azken baldintza honek sistema politikoak duen kalitate demokratikoaren neurri esanguratsua eta argigarria ematen du. Arau hauei lotu ezean, abertzaletasuna deslegitimatu egiten da eta sinesgarritasun politikoa nahiz morala galtzen du.
Beste horrenbeste esan daiteke eusko-espainolismoaz, nola edo hala asmo bikoitz hau gutxienik konpartitzen duen sektore nabartzat hartuta: 1) Euskal Herriaren eta beronen kulturaren espainiar lotura mantentzea, 2) Estatu espainiarreko gainerako herriekin proiektu solidarioari eustea. Euskal gizartearen beste zati honen interes eta sentimenduoi dagokienez, beren legitimitate morala eta politikoa ere lehen aipaturiko betebehar berdinei lotuta dagoela esan behar da. Bere proposamenak defendatzerakoan, joko demokratiko askearen arabera jardun behar du eta mundu abertzalearekin konponbiderako jarrera agertu behar du. Bi baldintzok bizitza moralaren oinarri-oinarrizko printzipio batean funtsatzen dira: pertsona guztien berdintasun morala, euren nazio ezaugarri eta guzti, hala nola kultura, hizkuntza eta herri guztien berdintasun morala eta duintasun berdina. Era errazagoan esanda, inortxo ere ez dela beste inor baino gehiago naziotasunari dagokion honetan.
Jokoan dauden baloreak. Garrantzia handia du jakiteak zeintzuk diren gaur egun jokoan dauden balioak, behar bezala bereiz ditzagun guk geuk espreski onartzen ditugun balio moralak, batetik, eta ukatzen ditugun edota balio partikulartzat ditugunak bestetik, hau da, talde edo zati batenak, baina ez denenak, gizarteak berak guztiek konpartitu beharreko ondare eta balio kategoriara jasotzea espreski erabaki ezean.
Atzerantz joaz, aipatu dira dagoeneko iraganean oso efektu positiboa izan duten eta gaur ere –beste neurri batean izan arren– indarrean dauden bi dinamika. Bata, hizkuntza eta kultura ez normalizatuen akulturazio fenomenoei aurrerapenaren izenean loturiko bidegabekeria, injustizia eta agrabio historikoen zuzenketa. Eta, bigarrena, estatuaren mailaz mailako demokratizazioari egindako ekarpena, bi zentzutan gutxienez. Batetik, estatua boterearen lurralde banaketa bat egitera behartzen den neurrian. Bestetik, instituzio publikoen kalitate demokratikoa indartzen den heinean, dela beren lurralde nitxo tradizionaletan erabaki-esparru propioa izatea eskatzen duten gehiengoei erantzun behar izatean, dela mobilizazio nazionalistak hiritarren sektore zabal batek res publican parte hartzea berrindartzean. Bigarren dinamika honek balio garrantzitsua izaten jarraitzen du gaur egun ere. Halaber, balio positiboa edukitzen jarraitzen du tradiziotik jasotako hizkuntza-kulturen ondarea zaintzeak eta babesteak norabide homogeneizatzailera bultzatzen duen eta demografi pisu urriko nahiz kultur produkzio urriko hizkuntzentzat mehatxu gero eta kezkagarriagoa den gaur egungo “globalizazioaren” munduan.
Hizkuntza ez normalizatua babesteko eta garatzeko arrazoi garrantzitsuena, norbere sustraiak eta norbere ondarea kontserbatzearen funtsezko balioaz aparte –kasu honetan, gainera, kultura preindoeuroparren hizkuntza-uharte bakana izatearen berezitasunarekin–, bere gizarte dimentsioan datza. Hots, modernizazio prozesuan bazterturiko eta zokoraturiko hizkuntza eta kultura bat edukitzearren baztertu, gutxietsi eta zokoratutako lagunen promozioa; beren duintasunaren eta autoestimuaren aintzatespena; “okerreko” hizkuntz eta kultur ezaugarriak dituztenak lan merkatuak eta gizarte-mugikortasunak zigortzen dituzten gizarteetan gertatzen diren halako fenomenoetatik eratorritako gizarte-diskriminazioak murriztea; aukera berdintasuna sustatzea, azken batean. Honek pisu handia izan du mende honen zati luzeenean zehar, batez ere erdaraz gaitasun gutxiago zuten euskaldunentzat. Gaur, ordea, gero eta aplikazio zelai zabalagoa du, EAEko barrutian, elebitasunak lan merkatuko sektore garrantzitsuetara sarbidea errazten dien baliabide ekonomiko urriagoko erdal hiztun elebakardunen artean.
Hain erabakiorra ote da nazionalismoen ekarpena gizarte-kohesioa sendotzeko, gehiegizko indibidualismoaren arriskua nabari den gizarteetan enfasi komunitatezalea sustatzean? Nazio sentimendua, izatez, gizarte-kohesioaren, aberkideen arteko solidaritatearen, birbanatze politikak burutzeko, zimendu txit eraginkorra da. Baina kontuan hartu behar da, halere, nazioaren balio kohesiogilea egitate edo sentimendu partekatu gisa duen indarrean oinarritzen dela; eta hori, euskal kasuan oraingoz, komunitate abertzalera besterik ez da iristen. Arrazoiz azpimarratu ohi da honako ideia hau, hots, gizarte aske, demokratiko eta birbanatzaileek asko exigitzen dietela beren kideei eta autogobernuari, barne solidaritate handia eta elkarrekiko identifikazio sentimendu sendoa behar dutela, zeren ez baitute eraginkortasunez funtzionatzerik proiektu komunarekiko identifikazio sendorik gabe eta halako proiektua konpartitzen duten herritarrak elkarrekin modu berezian lotuta egon gabe. Baina argumentu horrek norabide guztietan eragiten du eta ez soilik euskal nazio eremuaren alde. Euskal gizartearen zati handi batek espainiar eremura hedatzen du, horko jende guztiarekin komunitate politiko bat osatu behar delakoan, eta nolabait eremu europarrera ere hedatzen du dagoeneko.
Populazioa heterogeneoa denean eta identitate anitzak bizikide direnean, populazio horri elkarrizketa eta elkargune balioak bere egin eta sustatzea exigitu behar zaio. Batez ere norbere kultura babestu eta garatzeko eskubidearen gauzatze praktikoak gizarte-akordio eta egokitasun politikoaren alorra diren auzietan sartzea eskatzen duenean: hala nola baliabide publikoen esleipena, zenbait betebehar publikoren legegintza, askatasun indibidualaren murriztapen jakin batzuk, etab. Elkarrizketako planteamendu batek, euskal gizartean dauden identitate gatazkei buruz hitz egin eta eztabaidatzeak, gatazkak bideratzen laguntzen duten portaera eta jarrerei ematen die bide. Planteamendu hori ezinbestekoa da elkarrekikotasun formulak aurkitu ahal izateko: gehiengoa asebeteko duten eta gutxiengoei hobeto egokituko zaizkien formulak, gauza bata eta bestea xedetzat duten konpromisoak medio. Batik bat gurea bezalako herrietan, non, errealitatea lurralde eskala desberdinen arabera aztertuz gero, gehiengo eta gutxiengoen arteko txanda-dantza gertatzen den.
Dena delako balioek, edozein kasutan ere, funtsezko balio honekin bateragarriak izan behar dute: nazio eraikuntza oro herritar guztien eta pertsona guztien eskubideen aintzatespen eta begirunearen zimendu gainean eraikitzea, instituzioek eskubide horiek babestea eta bermatzea beste ezeren aurretik dagoelarik.
Horrexegatik jotzen dugu balio negatibotzat, eta ez dugu onartzen, norberarenaz bestelako identitateak ez aintzatestea edo haiekiko begirunerik ez izatea, “bestelakoak” direlako gutxiestea, hala nola gutxiengoak eta berauen duintasuna eta eskubideak aintzakotzat ez hartzea. Horren guztiaren forma sofistikatuenak barne, hala nola “besteei” politika auzitik atzera eragitea edo menpeko posizioa onartaraztea bilatzen eta lortzen duten diskurtsoak eta argudioak. Diskurtso horren adibide ditugu hurrengo argudio hauek. 1) Euskal Herriaren nazio definizioaren monopolioa eta esklusiba: euskal izaeraren epaile eta legegile bakartzat norbere burua hartzea, zatia osotzat hartzea, eremu hau euskaldunena dela eta besteek badutela berea eta hemengo identitatearekin ezin dutela lehiatu ezta horretan saiatu ere argudiatzen duen gidoi jabegozaletik aldentzen den guztia gutxiestea eta aintzat ere ez hartzea. 2) Jatorrizko jabegoa, lehen okupatzailearen eskubidea arrazoitzat jarriz, “besteari” menpeko statusa, manuko maizterraren statusa ezartzea betiko. 3) Anti-espainolismoaren zenbait ikuspegi: espainola zerbait kanpoko eta ez hemengotzat, ezarritzat eta usteltzailetzat jotzea; haiekin auzotar on gisa besterik ezin dela moldatu; gaztelania hizkuntza atzerritar eta ezarritzat jotzea.
Beste alde batetik, ez dugu nazio eraikuntzaren balio positibotzat autogobernuaren gehiegizko estatifikazioa, orain gertatzen ari den bezala, eta beste administrazio aparatu itzel bat sortzea estatu-aparatu zentrala imitatuz. Ez delako gizarteari begira eraginkorragoa, guztiz kontrakoa baizik, eta ez duelako kalitate demokratiko handiagoa aldezten.
Ez dugu jotzen balio positibotzat ezta ere biktimizazioa, euskal politikan gehiegi erabili ohi dena. Ez zaigu laket euskal nazio egoerari eta hark gainean dituen mehatxuei buruzko neurrigabeko hiperbolea: batzuen ustez, euskal nazio errealitatea edozein modutara ezabatzea gura duten espainiar eta frantziar proiektuen berezko gaiztotasunagatik; besteen ustez, proiektu abertzale asimilatzaile eta baztertzaileen berezko gaiztotasunagatik. Jarrera batean zein bestean norgehiagoka bat hautematen dugu, sakonean nartzisista samarra, biktima jasaile eta zanpatuaren kategoria norberaganatzeko, eta jarrera horretatik urruti sentitzen gara gu.
Gogora dakargu, azkenez, balio partikularrak –partikularrak izateagatik guztiek konpartitzen ez dituztenak– bereizi beharra. Balio partikularren adibide dira gutarren boterearen aldeko eta gutarrentzako botere-eremu berriak irabazteko borrokak, politika, ekonomia nahiz kultura alorreko eliteen jarrera eta portaeretan hain nabariak. Kasu honetan moraltasunezko estaldura ematen zaio maila guztietan gutarren boterearen aldeko borrokari, halako moldez non aukera horren ontasun eta goitasuna gutarrena izatearren onesten den. Eta horren beste adibide bat, azkenez, norberenean isolatzeko eta ondasun partikularrak moraltasunez estaltzeko joera duen jarrera politikoa da. Horren oinarrian erlatibismo moral gordinena egon ohi da: nirea oso ona da nirea delako. Baina baita egon daiteke nolabaiteko heldutasunik eza ere, nire eskubideak eta jomugak beste batzuen eskubide eta jomugekin topo egiten dutela oraindik jabetu ez den adin horretan irautea, norbere hazkundeari uko eginez.
Pluralismoaren tratamendua euskal
gizartean
Mundu guztiak baiezten eta aitortzen duen arren euskal pluralismoa, bada eztabaidarik haren izaerari buruz, dakartzan betebeharrei buruz eta haren balioari buruz. Errealitate deserosoa, enbarazua ote da? Gainditu beharreko edo desagertarazi beharreko zerbait? Ala betiko mantendu behar den gizarte-aberastasun eta balio ezabaezina?
Euskal pluralismo espezifikoaren tratamendua lau arazori dagokio gehienbat. Lehenik, proiektu abertzaleen bideragarritasun demokratikorik eza. Espainiako Konstituzioa aldatzen ez den bitartean, ezinezko gertatzen da autodeterminazio prozesu bat legez burutzea nahiz eta gehiengo handi baten babes demokratikoa izan (horrek ez du aurrejuzgatzen zer gertatuko litzatekeen legezkontrako edo legezkanpoko prozesu bat abian jarriko balitz aldibakarreko erabakiz; gertatu ez denak ez du ematen hipotesiak formulatzeko baino gehiago). Espainiar demokraziak proiektu abertzaleen funtsezko aldeak gauzatzen ez uztea, adibidez estatu espainiarreko partaidetzatik irteteko eskubidea izatea eta hori autodeterminazio prozesuen bidez erabaki ahal izatea, onartezina da.
Aurrekoarekin zerikusia duen bigarren eskakizuna: mundu abertzaleak berak ere aintzatestea euskal populazioaren zati batek bere euskal-espainoltasun lokarria mantendu nahia eduki anitzez (kultura, politika, gizarte nahiz ekonomiari dagozkion edukiekin). Bada benetan existitzen den herri sentimendu bat espainola euskal nortasunaren zatitzat eta euskalduna historia espainiarraren zatitzat hartzen duena, horren legitimitatearekiko begirune publikoa balio kolektibotzat berresten delarik. Eta era berean elkartasun berezi bat aintzatesten dute elkarrekin famili, ekonomi, kultur nahiz lan-lotura anizkoiak ehundu dituzten extremadurar, errioxar, aragoiar, andaluziar eta abarrekin; euskal gizartea alderik alde zeharkatzen duen sentipena berau, beste herri batzuenganako dagoenaren aldean desberdina, biziagoa izatearren.
Hirugarrenik. EAEko gaur egungo belaunaldientzat taxuturiko ortzemuga bikoitzari buruz dagoen adostasuna berretsiko duen eta ahalik eraginkortasun gorena lortzen saiatuko den hizkuntz gatazkaren tratamendua. Lehenengo, populazio eskolatuaren benetako elebitasunaren ortzemuga: erdal hiztunen hizkuntz gaitasuna euskaraz, populazio eskolatu osoak gizarte-erabilera handieneko bi hizkuntzatan gaitasuna lortzea eta horri dagokionez atzerago aurkitzen diren sektoreekiko arreta, hortik bazterketa edo gizarte-marjinazio forma berriak ondoriozta ez daitezen.
Horrekin batera, bi hizkuntzen arteko gaur egungo asimetria zuzentzeko ortzemuga, euskararen aldeko diskriminazio positibo espezifikoaren bitartez eta euskararen gizarte-erabilera bizitzako esparru guztietan babesteko eta garatzeko neurri anizkoien bidez. Nafarroan (eta Iparraldean) beste helburu batzuk izan beharko dute. Hemen nahitaezkoa da koofizialtasuna lurralde osoa hartuko duen euskararen normalkuntza garatzeko, euskara, izan ere, gehiengoak babestea eta lantzea erabaki duen nafar komunitatearen (eta Iparraldekoaren) ondarea delako argumentuan oinarrituz. Baina normalkuntzaren aldeko jarduera gizarte-eskarian oinarritu beharra dago, administrazioaren dekretuetan baino gehiago. Euskararen gizarte-presentzia nahikoa murritza den lekuan, oinarrizko irizpidea gehienbat pertsonala izan behar da. Horrek ez duelarik kentzen derrigorrezko gutxieneko batzuk exigitzea lurralde osoko oinarrizko irakaskuntzan.
Ikuspegi hauek presio bat eskatzen dute gizarte-geldotasunaren eta egungo statu quoren joera kontserbadoreen aurka. Eta presio horrek kontrako efektua ez dezala eragin: indigestioa, alegia. Gerora, belaunaldi berriak markatuko dute beren erritmoa eta jomuga.
Azkenez, bandera, sinbolo, historiaren bertsioa hezkuntza-progaman, Espainia eta espainolarekiko harremana eta abarri buruzko gatazka sinbolikoari dagokionez, gatazkaren normalizaziorantz jo beharko litzateke. Besterik ez bada ere, tratamendu berdinkideen elkarrekikotasunaren mesedetan, do ut des (eman diezadazun damaizut) printzipioak duen interesagatik gehiengo-gutxiengoen egoeren dantza gertatzen den lekuetan, EAE eta Nafarroan edo Iparraldean gertatzen den moduan. Ez dauka zentzurik gutxiengoan egotean aintzatespena galdatzea, gehiengora iristean hori bera “bestearentzat” onartzeko prest ez gaudenean. Kontuan hartu beharrekoa da, bestalde, batzuentzat hain logikoa eta positiboa den estatu komun bateko kide izatearen sentipena, beste batzuek estatu-itun berri baten eta beronen konplimenduaren mende jartzen dutela. Eta ez dago soberan gogoratzea euskal populazioaren beste sektore batek, independentismo zaleenak, oraintxe bertan utziko lukeela bazterrera estatu espainiarra, ahal balu.
Demokraziaz erabakitzeko euskal esparrua eta autodeterminazioa
Euskal autodeterminazioaren planteamendu zehatz batek zenbait oinarrizko datu hartu behar ditu kontuan.
Autodeterminazioaren eta demokraziaz erabakitzeko euskal esparru baten erreibindikazioa euskal bizitza politikoa tindatzen duen bloke aurkaritzak markatuta dago une honetan, beste hainbat gauza bezala. Batetik, logiko eta arrazoizkoaz gain, Euskal Herriaren berezitasunari erantzuteko jomuga demokratiko eta funtsezkotzat jotzen dugunok gaude. Bestetik, ostera, artifiziostzat jotzen dutenak daude, euskal autonomi esparruan egiatan eta zenbait alorretan jadanik aintzatetsita dagoelakoan. Iritzi banaketa honek, autodeterminazio erreibindikazioaren Akilesen orpoa, alderik alde zeharkatzen du erreibindikazio hori, edukiari, bideragarritasunari eta erabilgarritasunari dagokionean.
Autodeterminazioaren aintzatespena eta egikaritza, izatez, euskal nazionalismoaren erdiguneko gakoa eta funtsezko mitoetariko bat da, beharbada garrantzitsuena egungo alor ideologikoan. Bere azkenetariko helmuga da eta, aldi berean, helburuotara iristeko bidea ere bai. Mugimendu abertzalea bultzatzen eta mobilizatzen duen motorea da, baita bere ekintzaren metodo lehenetsia ere. Bere funtsezko nukleoa honako ideia hau da: Euskal Herriak ez duela onartzen espainiar soberaniaren mende jartzerik, eta hala bere konfigurazio politiko propioa nola estatuko nahiz nazioarteko beste botere batzuekiko kanpo harremana erabakitzeko ahalmena izan nahi duela, gizarte desberdina delako, zaindu eta garatu beharreko berezitasun nabariekin. Baina ideia eta sentipen horien arazoa zera da, ideologia eta sentimendu abertzaleak konpartitzen ez dituztenei ezer gutxi diotsotela. Bere burujabetza erauzi dioten eta heterodeterminatuta ez egoteko autodeterminatu beharra duen euskal herri baten ideia, beraz, zail egiten zaio ulertzea egungo zirkunstantzia demokratiko eta autonomikoetan, euskal gizartearen zati handi bati. Eta are gutxiago ulertzen du txantaia moral gisa planteatzea, munduikuskera abertzale hori konpartitzen ez duena heterodeterminazioa iraunaraztearen eta “auzia” luzatzearen konplize bailitzan.
Bigarren datu esanguratsua. Autodeterminazioak ez dauka legezko aukerarik 1987ko espainiar konstituzioan, berau lantzean izandako eztabaidetan hura testuan espreski sartzea planteatzen zuen zuzenketa bat ezetsi egin baitzuten. Are gehiago esan daiteke, ezespen horrek gaur egun gehiengoa duten indar politikoen, PP eta PSOEren, babesa izaten jarraitzen duela, baita periferiako nazionalismoen autodeterminazio eta separatismo jarrerekiko etsaigoa beti erakutsi duen nazionalismo espainiarraren eta espainolismoaren fijazioarekin lotura duen espainiar intelektualen multzo gehienaren babesa ere.
Bestalde, ezin da aipatu gabe utzi autodeterminazioaren egikaritza praktikoari dagokion guztia estaltzen duen hizkera guztiz opako, konkreziogabeko eta anbiguoa. Autodeterminazioa nork, noiz, non, nola eta zertaz burutzeari buruzko galdera funtsezkoak argitzen ez dituen hizkera. Autodeterminazioaren bideragarritasun praktikoari dagokionean, ekidinezinezko erronka da proiektu konkretu baten beharrizana.
Ezin da ahaztu, ezta ere, arazo horiei erantzuteko zailtasuna. Zatiz, arazootariko batzuek konplexutasun itzela dutelako, denbora eta espazioaren dilemak kasu, noizak non egitea zedarritzen duen bitartean edo alderantziz, eta bien artean zeri buruz erabat zedarritzen duten bitartean, azken honek baldintzatzen baitu hein handi batean, egungo zirkunstantzietan, autodeterminazio planteamendu konkretua. EAEn jo behar al da aurrerago, hor, balizko gehiengo politikoa izanez, azkarrago eta urrutiago jo daitekeelako? Errealitatearen faktore zehazgaitza onartu behar al da, hots, erritmo eta abiadura desberdinak kontuan hartu beharra lurralde ezberdinetan diren indar erlazioen arabera? Mundu abertzale osoak galdera hauei erantzutean bat ez etortzeak, egun gertatzen den moduan, beste zailtasun bat gehiago eransten du.
Baina urrutiago joan daitekeen lekuan aurrerago jotzearen apustu bateratsua egiten bada, zenbait arazo korapilatsuri aurre egin beharra dago. Jaki hori apailatzeko zailtasuna, kasu, jarraitu nahi den bidea berresteko herri kontsultaren deialdia egiteko legezko ahalmenik ere ez dagoenean. Edota autodeterminazio planteamenduak epe laburrera mundu abertzalearen eta bere burua halakotzat ez duenaren artean haustura politikoa ez areagotzeko ezintasun ia erabatekoa nabari denean. Edota galderari buruzko erabakia, horrexek mamitzen baitu betiere bere funtzio eta erabilgarritasun konkretuari buruzko ideia, motiboa, zertarakoa,... berez ere hau guztia korapilatsua izanik, ezin espero daitekeenean horretazko argitasuna nagusitzea euskal gizartean, honek egungo ardatzen inguruan biraka badihardu funtsean.
Botoa eman edo ebazten duen subjektuari dagokionez, euskal estatutuan xedatutako jus soli irizpideari atxikitzen gatzaizkio, hots, egoiliar egonkorra de biztanleria osoa da autodeterminazioa benetan egikari dezakeen subjektu bakarra printzipio liberal-demokratikoen arabera. Bestalde, horri dagokionez funtsezko lurralde bereizketa bat daukagu bakoitza bere lurraldean jada subjektu eratuak diren EAE eta Nafarroaren kasuan, biak ere herri babes sendoa duten instituzioekin. Horiei, gainera, eratzeke dagoen beste subjektu bat erantsi behar zaie Iparraldeko hiru lurraldeetan. Ahantzi gabe, azkenez, EAEn bildu diren hiru foru-subjektu historikoen izaera bereizia, kontuan hartu beharrekoa, zuhurtasun politikoaren izenean, lurraldeotarikoen batean, une honetan Araban kasu, gehiengo argiaren babesa ez duen ezein proiektu abertzaleren bideragarritasun zalantzagarriaz ohartzeko.
Prozesu bat. Euskal autodeterminazioari dagokion guztiak oinarrian duen zoru konplexueta problematikoaren ebidentziarekin batera, nagusitzen ari da hura prozesu dinamiko gisa ulertzea, hots, demokraziaz erabakitzeko euskal esparru baten aldeko gehiengo politiko eta sozialaren existentzia era batera edo bestera adieraz dezakeen prozesu dinamiko gisa, halako moldez non esparru hori egitate politiko eta sozial garrantzitsu eta iraunkor bihur dadin, eta horrek, aldi berean, egitate horren begirune eta aintzatespen ohitura sor dezan, eta hori guztia, azkenez, aipatu esparru horren aintzatespen formal eta juridiko bilaka dadin denborarekin.
Beste era batera esanda, autodeterminazioaren ideia, euskal kasuan, bat-bateko gertakari gisa baino prozesu gisa ikustearen ideia nagusitzen ari da. Horrek ez duelarik esan nahi herriaren berrespen oro bazter uztea. Aitzitik, intuizioak dio autodeterminazio prozesuak herri berrespen edo kontsulta motaren bat izan behar duela barne, dela emandako urratsak berresteko, dela beste urrats batzuei autoritate eta legitimitate handiagoz ekiteko. Baina prozesutzat ulertze horrek, azken helburu edo bat-bateko ekintza gisa baino estrategia eta bide gisa ulertzea esan gura du. Hau guztia, zailtasunak nahiz kezkak, semantikan islatzen ari da, kontzeptu anbiguo eta zehazgabeagoak erabiltzeko joeran: “soberanismoa”, demokraziaz erabakitzeko euskal esparrua, Euskal Herriari azken hitza ematea, etab. Aldaketa honi ez diogu lar garrantzirik ematen, zeren esaera berri horiekin autodeterminazio kontzeptuarekin esan nahi zen gauza bera adierazten baita funtsean.
Etorkizun hurbilean aurrera egiteko eremuak. Prozesu gisa ulertuta, honako alor hauetan modu konkretuagoan aurrera jotzea dakar.
Lehenik, autodeterminazioaren legezko bideragarritasuna lortzeko borroka planteatzea, hau da: 1) estatuak publikoki aitor dezala gehiengo demokratikoz bultzaturiko proiektu abertzaleen legitimitatea, 2) demokraziaz erabakitzeko euskal esparruaren aintzatespena, 3) bere erabakiak burutu ahal izateko euskal komunitateak behar dituen legezko tresna eta baliabideen aintzatespena, 4) xedaturiko prozeduren arabera hartzen diren erabaki demokratikoekiko erabateko begirunea. Aintzatespen eta begirune horren aldarrikapen argirik gabe, pentsaezina da euskal nazionalismoaren gutxienezko leialtasun korrelatiboa Espainiako sistema politikoarekiko.
Estatuak euskal gizartearen erabaki-esparru demokratikoa aintzatestea, gizarte honek hein handi batean beste nazio-identitate bat izatearren, demokrazia gehiagorekin eta demokrazia kalitate handiagoarekin lotuta dagoen zerbait da, askatasun balioa nagusitzat duena bere era negatibo soil honetan: gogoko ez den menpetasun egoerarik ez ezartzea. Aintzatespen hori era ezberdinez adieraz daiteke. Espainiako Konstituzioaren lege-atalean bertan sar daiteke, haren erreformaren bidez. Edota gobernuaren edo espainiar parlamentuaren berariazko deklarazio baten bidez. Edota forma ez hain ospetsuz ere, baldin argi geratzen bada politikaren egunerokoan espainiar demokraziak errespetatu egingo duela adosturiko arau demokratikoen arabera adierazitako eta babesa eskatu zaion proiektu konkretu baterako euskaldun gehiengoaren borondatea,
Bigarrenik. Euskal gizarte osoak onar dezan lortzea demokraziaz erabakitzeko euskal esparrua eta autodeterminazioa gutxienezko nahitaezkoa eta gizarte horren oinarrizko zutabea direla. Kasu honetan, hasiera batean gizarte zati baten, eta ez osoaren, jomuga dena gizarte osoarentzako aintzatespen gisara. Halako moldez non autodeterminazioa abiapuntu eztabaidaezina den nazional(lista) argumentuarekin galdatzen duen gizarte zatiarentzat, eta aldi berean helmuga, bestalde, elkarren komenigarritasunaren izenean eta politika senaren izenean hura ontzat ematen duen beste gizarte zatiarentzat. Abertzaleen aldetik, arrazional eta arrazoizkoa da gizarte burujabe bat eratu ahal izatea eta Europako Batasunean bere bide propioa ireki ahal duen gehiengo gisa ikustea bere burua, eta hau guztia sine qua baldintzatzat hartu ahal izatea bere gutxienezko asebetetzerako. Eta abertzale ez direnen aldetik, berriz, arrazional eta arrazoizkoa delako elkarbizitzaren ondoriora eramango duen kalkulu bat, denen mesederako, euskal gizarte osoari dagokion protagonismoa emango dion erabaki demokratikoen esparrua adostuz.
Hirugarrenik. Nagusi diren inertziei, euskal bizitza politikoa alderik alde zatitzen duten blokeen arteko harreman gaiztotuek gehiegi tindatuak gaur egun, brankabuelta eman beharra dago. Gehiengo abertzalearen aldetik, EAEn, bere eskaintza nazionalistaz ez hain identifikatuta edo arean identifikatu gabe dagoen euskal gizarte zatiari eskaini behar dizkion bermeak ez aztertzeko joera.
Aurka diharduen gutxiengoari dagokionez, euskal gizarte integratu eta kohesionatuagoaren sorreran berak ekar dezakeenean, eta ondorioz gehiengo abertzaleari eskaini behar dizkion gozamenetan, ez pentsatzeko joera. Gakoa elkarrekikotasun printzipioan datza, orain arte gutxi aintzatetsia, zeinen oinarriak bloke bakoitzeko ordezkaritza indarrek adierazi beharko dituzten. EAEn, gutxienezko oinarriok, batetik, parte ez abertzalea euskal lurraldearen jabekidetzat aintzatestean legoke, eskubide eta aukera berdintasunarekin. Eta gero, aniztasunaren eta ordezkatzen duten gizarte-errealitatearen izenean galdatzen dituzten kontrapartidak, exigentziak eta bermeak. Nafarroan zera eskatuko luke elkarrekikotasunak, parte euskaldunaren status ustez gutxiengoan dagoenari bermea ematea zentzu berean.
Arrazional eta arrazoizkotzat daukagu, beraz, estatuak autodeterminazioa aintzatestearen eta euskal nazionalismoak antzeko baina alderantzizko norabidean garaturiko mugimendu korrelatiboaren artean kateamendu baten premiaren hipotesiarekin lanean jardutea. Hots, argi gera dadila politikaren egunerokoan euskal nazionalismoa komunitate integratu bat eraikitzearen alde dagoela, bere aniztasuna aintzat hartzen duen komunitatea (aniztasun politiko-ideologikoa, hizkuntza-kulturazkoa, nazio sentimenduzkoa) alegia, ziurtasun eta berme multzo bat zainduz gai gatazkatsuetan: gaztelania eta elebitasuna, espainol izatea eta identitateak, etab.
Laugarrenik. Gutxienezko euskaltasun kontsentsua jasotzen duten kontsulta-legeak izan daitezke euskal autodeterminazio prozesuaren beste gako konkretu batzuk. Eusko legebiltzarrak onartutako lege bat. Nafar parlamentuak onartutako beste antzeko bat, edota lege hori bere sasoian onar dezakeen konpromisoa (eta beste antzeko bat Iparraldean). Bi lege horiek parte interesatuek adosturikoak izan beharko lukete, hala hiru euskal lurraldeetako instituzioek nola espainiar (edo frantziar) barrutiko alderdi nagusiek. Autodeterminazio arrakastarik handiena zera litzateke, lurralde ezberdinetan komunitate bizitzaren oinarrizko arazoei ukitzen dieten funtsezko arazoei buruz euskal indar guztien arteko akordio baten emaitza izatea: zernolako parlamentu gehiengoek erabaki ahal duten kontsulta hori burutzea, galdera argi eta erabakior bat adostea, zein gizarte-gehiengo behar diren hura berresteko, kontsulta eta beronen alderanzgarritasuna errepikatzeko epe arrazoizkoak... Lege horiek ezer gutxirako balio dute, zinez, lurralde ezberdinetako herri erabakiak, direnak direla, mundu guztiak onartuko dituen funtsezko akordio bat ez baldin badago, horrek, aldi berean, kontsultaren inguruko prozedura osoari buruzko oinarrizko akordio bat eskatzen duelarik.
Abertzaleen adostasunik gabe ez dago autodeterminazio kasurik. Halere, edozein konkrezio posiblez haraindi, ez da ahaztu behar funtsezko ñabardura bat. Honako hau, alegia: autodeterminazioaren bulkada ez datorrela zerutik eta ez dela berez sortzen, baizik eta ikuskera abertzaleak erabat baldintzatuta dagoela. Beste era batera esanda, ez da ahaztu behar mugimendu abertzalearen eskakizunik gabe, errealitateari buruzko ikuskera berezi hori gabe, espainiar eta frantziar estatuei planteatzen dien nazio gatazkarik gabe, ez legokeela autodeterminazio errekerimendurik ez autodeterminazio auzirik. Horregatik, ezin da ahaztu ia pentsaezina dela, beraz, arrazoizkoa ez izatearren, euskal nazionalismoa berau asebetetzen ez duen autodeterminazio espediente batera beharturik joatea.
Lurraldetasuna
efinizioak, identifikazioa, garapen praktikoko eremuak. Bat gatoz funtsean tradizionalki euskalduntzat jotako zazpi erregioek osatzen duten lurraldetasunaren enuntziatuarekin. Bi argumentu sendotan oinarritzen den proposamen arrazional eta arrazoizkoa deritzogu. Batetik, historialariek, antropologoek, hizkuntzalariek, etnologoek eta abarrek haren iraganari nahiz egungo errealitateari buruz nabarmendu dituzten kidetasun estuak dituen eremuaren berezitasunean oinarritzen da; bereziki frantses eta espainiar kultura sistema indartsu bien artean dagoen hizkuntza-uhartea, zeinen estuasuna –maila guztietan, demografikoan barne– begi-bistakoa den. Beste aldetik, eremu hori era batera edo bestera autogobernu esparru propio gisa taxutzearen komenigarritasunean oinarritzen da, dagoen ondare komuna zaintzeko premiazkoa eta komenigarria den gutxienezkotik hasi eta komunitate politiko bateratu bat eratzea esan nahi duen gehienezkoraino.
Aitortzen dugu, bestalde, euskal lurraldetasuna espainiar (eta frantziar) lurraldetasunaren barruan, eta viceversa, kokatzen duen enuntziatuaren legitimitatea, tokiko lurraldearen eta lurralde zabalago baten (Espainia edo Frantzia) aldibereko identifikazioa adieraziz, azken lurralde hori aukera-eremu gisa ikusten duelarik eta bi lurraldeak berauen bizilagunen arteko elkartasun trinkoagoaren eremutzat.
Premiazkotzat jotzen dugu, halaber, lurraldetasunari buruzko oinarrizko enuntziatuak berrikusi beharra euskal lurralde ezberdinetako errealitate soziologiko eta politikoetara egokitzeko, batetik, eta estatu zein nazio kontzeptu funtsezkoenak azken bi mendeotan aldatuz doazen egungo mundura egokitzeko, bestetik. Egokitzapen hori batik bat honako alor hauetan garatu beharra dakusagu:
1) Ekimen publikoak nahiz pribatuak garatzea gizarte-bizitzako maila guztietan, Euskal Herria bere hedadura osoan adierazi eta kultur zein hizkuntz komunitate baten, hala nola beronen lokarri politikoak sendotu nahi dituen korronte baten existentzia praktikoa itxuratzea ahalbidetu dutenak. Udalbiltzaren sorrera da, udalen eta udal hautetsien asanblada, horren adibide bat.
2) Euskal lurralde bakoitzaren benetako nortasuna, historiaz eta egungo errealitate soziologikoz hain desberdinak izanik euren artean, aintzat hartzea. Gogoan hartzea, bereziki, lurralde bakoitzaren atxikimendu ezberdina euskal nazio proiektu komun bati, zeina ezin baita burutu lurralde horietako hiritargoak hartzen dituen erabakiekiko begirunearekin ez bada. Zehazkiago, Nafarroaren eta Iparraldearen errealitate ezberdina kontuan hartzea, non euskal nazionalismoa gutxiengoan dagoen eta beronen proposamenak gehiengoen babesik ez duten. Lankidetza guneetarantz jotzea kultura eta politika arloetan. Euskal departamenduaren erreibindikazioa bultzatzea. Gogoan hartzea, orobat, euskal esparrua hiru lurralde ezberdinez osatua dagoela: EAE, Nafarroa eta Iparraldea, bakoitza bere instituzio bereziekin. Hiru lurralderen errealitate honek lurraldetasunaren erreibindikazio ezberdin bat aurreadierazten du etorkizun hurbilerako: hiru ente horien harmonizazio eta lankidetzaren bidez sortutako euskal eremu amankomuna, alegia.
3) Europar errealitate berria kontuan hartzea, honen garapen politikoa bukatzeke baitago oraindik, batez ere erreibindikazio dinamika nazionalista eta erregionalistei dagokienean. Abertzaletasunak kokaturik du jada bere estatu jomuga ideala EBean eta egunen batean haren organo gorenetan eseri nahi luke, europar politika komunei dagozkien gai guztietaz gainerako kideekin buruz buru eztabaidatu ahal izateko. Ez du onartzen Europako Batasunarekin duen harremana espainiar instituzio komunen fieldegitik nahitaez igaro beharra. Jomuga legitimoa zalantzarik gabe, nahiz eta gaur egun nahikoa urruti dagoen aukera politiko errealetatik. Praktikan, datozen urteetan zehar, lan europarra Espainiari buruzko europar politikaren lanketan, erabakian eta burutzapenean gune asebetegarri bat lortzeko bidetik joango dela aurreikus daiteke, lan hura emaitza plurinazional gisa ulertuz; hau da, Bartzelona-Bilbo-Santiagoko Deklarazioak aditzera ematen duen bidetik. Beste alde batetik, aurrekoaren osagarri gisara, erregio politika europarrak eman dezakeena aztertzera eta ustiatzera joko da, zehazkiago, Euskal Herriaren zati ezberdinen artean mugazgaindiko europar erregio berri baten sorkuntzaren bidez, horrek, lehenago, Iparraldea estatu frantziarraren (erregio) Departamendutzat aintzatestea eskatzen duelarik. EBak ate berri bat ireki diezaioke etorkizunean euskal lurraldetasunari, mugazgaindiko erregio horretan EAE-Nafarroa-Iparraldeak lankidetza hirukoitzez adosturiko ekintzaren bidez.
Nafarroa. (eskema eta garapena falta da)
Nafarroaren berezitasun historikoa eta politikoa aintzatetsi. Oso arrazoi ezberdinengatik gaur egun duen espezifikotasun sendoa aintzatetsi. Nafarroaren hitza aintzatetsi eta errespetatu.
Euskaltasuna eta euskaltzaletasuna Nafarroan. Identitate, sinbolo eta ikurren erregulazioa.
EHAEko eta Nafarroako instituzioen esku legokeen kontsulta-lege bat (bere garaian Iparraldearentzat ere erreibindikatzekoa).
Hiru alorretan, gehiagotik gutxiagora, garatzeko harreman estrategia: a) konfederazio motako euskal-nafar dieta baterantz jotzeko proposamena, b) euskal-nafar organo komun bat adostu eta abian jartzea, c) Nafarroaren eta EHAEaren arteko itun politika aldeztea.
Burujabetza edo subiranotasuna,
estatutasuna, independentzia
. Burujabetzak erdiguneko kontzeptua izaten darrai euskal gatazkan, nahiz eta mundu guztia jabetzen den gaur egun gero eta muga handiagoak aurkitzen dituela aurreko mendeetan izan duen zentzuan ulertuta, hots, legeak egin eta indarra erabiltzeko botere mugagabe, baldintzarik gabe, esklusibo gisa. Hauxe ulertzen dugu burujabetzatzat: eskumenen gaineko eskumena, hau da, ordenamendu juridiko berri bat sortzeko botere konstituziogilea, beste nonbaitetik eratorria barik euskal herrian bertan datzan jatorrizko boterea, gordailu iraunkor gisa funtzionatu eta aparteko egoerei aurre egiteko ahalbidea damaiona herri horri. Galdatzen den burujabetza horrek autogobernuaren koalitateari, boterearen koalitateari egiten dio erreferentzia, haren kantitateari eta eskumenen esparruari baino gehiago. Mende luze bateko historia duen eskabide hau foru mitoaren tradizioarekin lotzen da eta, oraintsuago berriz, autonomi estatutuaren eskabidearekin, lehenengo, eta trantsizio frankistak sortu zuen frustazioarekin ondoren, honek aldebakarreko irtenbidea ezartzean –manu militarrez– Euskal Herria estatu barruan sartzearen “auziari”; EAJak men egin baina asumitu ez duen inposaketa, berau, eta ezker abertzaleak sekulan onartu ez duena.
Autodeterminazioarekin gertatzen den bezala, erreibindikazio hau ez dago abiapuntu komuntzat euskal gizartean. Gizarte zati handi batek gogo onez ikusten du euskal herria subiranotasun espainiarraren (eta bere kasuan frantziarraren) osakide izatea. Beste aldeak, ordea, kanpoko inposaketatzat, norberak gura gabeko inoren ezarpentzat hartzen du egitate juridiko hori.
Burujabetzaren plantamendua. ZUTIK bat dator subiranotasun edo burujabetzaren eskabide horrekin, lehen aipaturiko zentzu sendoan. Euskal gizartera aurkezten dugun proposamen izaera dauka, horren alde arrazoi indartsuak daudela uste dugulako. Bere gatazkei hobeto aurre egiteko legegintza eta politika baliabide nahikoa behar duen gizarte baten eskuetan dagoen ondasuntzat jotzen dugulako. Jabetzen gara, halaber, hura gauzatzeko zailtasunaz orain, europar esparru aldakor honetan, bere burua konplexu eta irekiagotzat –bere errealitate anitzari irtenbide egokiak eskatzen dizkion gizarte baten barneko ente nazioanitz gisa– hartzeari uko egiten dion estatu baten barruan. Baina, plano hauetan guztietan jasotzen ditugun zeinuen arabera, hurrengo urteetarako proposamen konkretuek ondoko hauek bezalako gaiak barne hartu beharko dituzte:
n Bide demokratikoetan oinarrituriko eskabide nazionalisten legitimitatearen aintzatespena bi estatuetako agintarien aldetik. Honek, izatez, euskaldunen erabaki demokratikoen aintzatespena eta errespetua esan nahi du, estatu espainiarrean (eta frantziarrean) irauteaz ados egon ezean haietatik irteteko eskubidea barne; eta, beraz, euskal erabaki-esparru baten aintzatespena.
n EAEn burujabetza quantuma sendotzeko eta hobetzeko proiektu zehatz bat. Autogobernu sendo baten erreibindikazioan laburbil daiteke, gai logiko batzuen salbuespenarekin (defentsa, atzerri politika, etab.). Horrek zera eskatzen du, orain dituenaz gain, eskuduntza osoa izatea gizarte eta lan arloetan (GS, Inem, Forcem...), EBean eta atzerri diplomazian presentzia izatea, estatu politikan partaidetza, berme sistema finko bat (gatazken ebazpena, Konstituzio Epaitegiaren izendapena, zuzenkiago ukitzen dioten legeak lantzea, berauen lehen eztabaidan eta onarpenean parte hartzea...), etab. Gauza bera galdatzen dugu Nafarroarentzat, nahiz eta ez dagoen batere argi hango instituzioek halako eskabiderik bultzatuko duten; honi dagokionez, ekidinezina izango da lurralde bakoitzak bere autogobernu maila erabakitzea eta berrestea.
n Konfederazio izaerako barne harreman proiektua, batzuek aipatzen duten Dieta bezalakoa, hiru euskal lurralde esparruetako instituzioen arteko gutxienezko oinarri komun bat harmonizatzeko. Halako proiektua bultzatzeko behar diren gehiengoak osatzen ez diren bitartean, euskal-nafar organo komunaren bidea berreskuratu beharko litzateke.
n Burujabetzaren birdefinizio dinamika europarra, eskabide abertzaleei eta euskal gizartearen premiei bide berriak ireki diezazkiekeen dinamika sortzailea.
Independentzia erreserbako karta gisa. Independentzia da ideologia abertzalearen gako nagusietariko bat, nahiz eta ez duen izan inoiz neurri beretsuko garrantzirik euskal nazionalismoaren politika praktikoan.
Guk independentziaren legezko bideragarritasuna defendatzen eta galdatzen dugu, euskal populazioaren korronte politiko garrantzitsu baten jomuga demokratikoa denez. Independentziaren legitimazio demokratikoa, beste edozein proiektu politiko bezala, joko-arau demokratikoei lotuta dago, hau da, proiektu abertzale independentista herri borondateak espreski bultzatzeari lotuta. Haren legitimitate moral eta politikoari dagokionez, proiektu politiko konkretuaren eduki eta kalitatetik banaezina da, hots, bere egokitasun politikotik, oinarritzat hartzen dituen balio moral eta sozialetatik, sustatzen dituen mota guztietako dinamiketatik (politika, ekonomia, kultura nahiz gizarte mailakoetatik)... banaezina, alegia.
Independentziaren herri-legitimazio aukerek panorama anbibalentea dute gaur egun. Batetik, ezin dira ahaztu independentziaren aldeko arrazoikeraren egungo ahultasunak. Justifikazio eta proportzionaltasun ahuldadeak: ez dagoelako injustizia eta zapalkuntza nahiz errepresio egoera nabarmenik (kultura, hizkuntza, politika, sinboloetan, etab.), ezta kultura bereziaren biziraupenak mehatxua izatearen pertzepzio kolektiborik ere; ez da sentitzen “hau pikutara doala”. Tartean da, baita, independentziaren ideiak duen irudi antipatikoa, askoren bihotzean dagoenarekiko haustura eta insolidaritatearen irudia. Tartean dira hark pizten dituen beldurra eta kezkak ere; eta “elkartze, burujabetza konpartitu eta abarren garai hauekin” hura bat ez datorrelako sentipen zehaztugabea.
Baina beste alde batetik, hortxe da aukera independentistaren arrazionaltasun politiko-morala. Estatuak bere konpromisoak ez betetzearen eskarmentu luzean oinarritzen da, hala nola zerbait aurrera ateratzeko etengabeko pultsuan jardun beharrak eta beti atzerakadaren mehatxupean egon beharrak sortzen duen etsipenean eta gogaitasunean. Baita euskal hizkuntza ondarearen prekarietatean; presio egiteari utziz gero, etengabeko mehatxupean egotearen sentipena, eta, estatu espainiar eta frantziarraren menpeko ez izanda, mehatxu hori ahulagoa edo ez horren larria izango delako sentipena. Hala nola boterearen erakargarritasunean, gehiago balio, itzal handiagoa izan eta botere gehiago edukitzeko gogoan; argumentu hori geroa kontrolatu eta aurreikustearen kezkarekin indartzen da: baliabide demografikoak (migrazio-fluxuak), Europarekin harremana, ekonomi baliabideak, azpiegiturak, etab. Eta europar batasunaren eraikuntzan bazkide bat gehiago bezala, elkarrekiko berdintasunean, parte hartzeko gogo bidezkoa.
Bata eta bestea kontuan hartuta, guk uste dugu euskal independentziaren bideragarritasuna, azken batean, behar bezala erantzuten ez dion estatu baten barruan Euskal Herria egon beharraren desadostasuna areagotzearen heinekoa izango dela; edo beste era batera esanda, espainiar estatu eta espainiar nazionalismoaren integrazio ahalmenaren porrotaren araberakoa, haiek hemengo gehiengoen aurrean deslegitimatuta eta Euskal Herriari kalte nabaria egiten dion botere arbitrario baten irudiarekin ageri diren heinean. Horrela, argumentu independentista erreserban geratuko litzateke, hura birbaloratuko duten zirkunstantzia berrien zain, eta, bereziki, beste bide “erreformistagoen” porrot erabateko eta nabariaren zain.
ZUTIKekook geure egin eta defendatzen dugu independentziaren arrazionaltasun politiko eta morala berresten duen argumentu sorta; bereziki, izaera libertarioagoa duten ezezko argudioak: “kanpoko” eta arbitrarioa den hierarkia baten mende ez egotea, ez-dependentzia, estatuaren bahitu ez izatea. Baina hortik harago, edo independentziaren legezko bideragarritasuna galdatzeaz harago, euskal erregimen politiko independente batek gizartearen ezkerretik aski legitimitate moral eta politiko erdiesteko bete beharko lituzkeen baldintzetan eta horri buruzko euskal nazionalismoaren “betebeharretan” jartzen dugu arreta, gaur egungo zirkunstantzietan.
Espainiar arazoa. Espainiar arazoa. Espainia, hala bere nazio arazoari, nola estatu errealitateari eta hizkuntz nahiz kultur aniztasunari dagokionean, gauza korapilatsu samarra da. Nazio komunitate gisa, identitate espainiar orohartzailearen partaide sentitzen ez diren beste nazio alternatibekin gatazkan dago. Estatu esparru politiko gisa, azken mende hauetan ezarritako joera unitarista gogorrak ezezten dituen periferiarekin gatazkan dago, honek interes ezberdintsua, eta gainera kontingente eta berraztergarria, adierazten duelarik estatu partaidetzari buruz. Konplexutasun hau guztia bi arazo banaezinetan biltzen da. 1) Daitekeena ote den periferiako nazionalismoek “ahokadura” asebetegarri bat aurkitzea Espainian edo Espainiarekin. 2) Estatu komunitate politikoaz gain, bere burua naziotzat, nazio komunitatetzat, jotzen duen Espainiaren arazoa.
Baina ez da aski Espainiaz hori esatea edo estatu nazioanitza dela baieztea, zeren hura sistema politiko soila baino zerbait gehiago baita. Bada zerbait objektiboagoa, historiak finkaturiko gizarte-elkarreragin sakonaren ondorioz. Eta bada zerbait subjektiboagorik ere, entitate komun bateko kide izatearen sentipena, alegia. “Zerbait gehiago” hori, izatez, arazoaren funtsezko gako bat da. Gogoan izanik, batez ere, beste nazio nortasun alternatibo batzuk garatu dituzten lurraldeetan eta gizarteetan ere errotuta dagoela. Espainoltasunaren sentipena Kataluniako eta Euskadiko zati handi batean dago, esaterako.
Egitate nazionalista alternatiboen asebetetzea eta integrazioa da, izatez, auzi espainiarraren erdiguneko arazoa azken mende osoan zehar. Estatu esparruan oro har nagusi denekiko alderdi politikoen sistema desberdin eta alternatiboaren bidez adierazten den egitate nazionalista, politiko eta soziologikoa da, izan ere, “egitate bereizgarriak” edo bereizgarritasunak deritzenen muina. Egitate horrek, aldi berean, nazio identitatearen gatazka gogor bat eta berezitasun politikoaren erreibindikazioa (gutxienezkoa) nahiz estatu propioarena (gehienezkoa baina anbiguoa) adierazten duelarik.
Ezinezkoa da soilik euskaldun, kataluniar, etab., sentitzen direnek espainiar nazio identitatea beretzat erreibindikatzea. Baina gutxienezko elkar leialtasun bat erdietsi nahi bada estatu komun batekiko eta parte guztiek estatu hori beretzat hartzea, kontratu berri bat egin beharra dago. Kontratu berri honen gakoa, berriz, estatua, indarrez inposaturiko protesitzat barik, errealitate partekatutzat hartzean datza, periferiako nazionalismoak eta berauen ikuspegi alternatiboa parte guztientzat minimoki asebetegarri den proiektu batean integra dezan. Kontratu berriak erronka hauxe dauka aurrean, estatuaren eta bere instituzio guztien eraldaketa zehaztea, beren ekintza eta erabakietan, beren sinbolo, ikur eta gainerako guztian nazioaniztasuna isla dezaten. Subiranotasun quantum asebetegarri bat (esklusiboa edota estatuarekin partekatua) eta berau egikaritzeko era eta bermeak adostu eta mugarritzeko erronka, halaber. Hizkuntza arazoari beste jite bat emateko erronka. Bakoitzak bere nazio identitatetzat sentitzen dituen espainiarraz bestelako identitate kolektiboei leku emateko erronka. Estatu oinplanoaren zutabe guztiak modu arrazoitu eta arrazoizkoz ituntzeko erronka, azkenez: administrazio ezberdinen mugaketa (administrazio zentrala, autogobernu azpiestatala, tokiko gobernua), berauen finantzaketa eta erlazioa, instituzio ezberdinen arteko gatazken konponbiderako sistema, etab.
Era berean, periferiako gizarteok ere bakoitzak bere bereizgarritasuna modu arrazoitu eta arrazoizkoan mugarritzeko ahalegina egin behar dugu. Horrek, bere aldetik, bereizgarritasunaren muina, eskuduntza edukietan baino gehiago, sinboloen, instituzioen (bere antolamendu propioa), hizkuntzaren eta kulturaren alorrean kokatuz. Hori funtsezkoa da, izan ere, norbere bereizgarritasunetik eta norbere esparruko gehiengoaren babes demokratikoan oinarrituriko eskabidetik eratorritako eskuduntza logikoak direnak pribilegio partikulartzat interpreta ez daitezen.
Horrela, bada, hala nazionalismo espainiarra nola nazionalista sentitzen ez den espainolismoa kotoiaren froga hirukoitzaren aurrean aurkitzen dira identitate demokratikoari dagokionean. Politika arloan, periferiaren erabakiei ortzemuga demokratikoa irekitzeko eta periferia horrek eskatzen dituen autodeterminazio prozesuak burutzea ahalbidetzen duten arauak adosteko prest daudela erakutsi behar dute. Doktrina arloan, ikusteko dago nazio kontzientzia espainiar berri bat –irekia, mestizoa, tradizio historiko partekatuan oinarritua– sortzeko prest egotearen erronkari zelan erantzungo dioten. Eta sinbolo arloan, nazioaniztasunari dagokion sinbologia eta ikurrak onartzeko prest daudela erakutsi beharko dute. Beste era batera esanda, honako bi konpromiso hauetara ireki beharko dute: 1) politika eta kultur bizitzaren maila guztietan nazioanitzago izan behar duen estatu izaerari buruz aldaketa politiko “gogor” bat ahalbideratzea; 2) kontratu berri hori berraztergarria izatea eta irteera klausula arrazoizko bat –hots, dibortziorako eskubidearen antzeko zerbait– eduki dezan onartzea.
Estatu-kontratu berri baterantz. Kontratu berria korapilatsua da, egiaz, asebete behar dituen interes desberdintasun larregiaren kariaz, besteak beste: periferiako nazionalismo alternatiboen interesak, gainerako autonomi erkidegoenak, osotasun politiko bideragarri eta eraginkorra taxutu beharra, hori guztia, berriz, abian den sistema politiko europarraren aldaketan ahokatu beharra...
Kontratu berri honi buruzko sakoneretan sartuko ez bagara ere, zera esan daiteke: ez direla iristen asebetegarritasunaren gutxienezkora gaur egun diren 17 autonomi erkidegoen tratamendu homogeneo eta berdinkidearen arabera arauturiko sistema simetrikoaren proposamena, ezta estatu botereen lurralde berrantolaketari kittoa edo behin betiko itxiera ematearen exigentzia. Simetriari dagokionez, aski bedi esatea hori ezinezkoa dela, hortxe direlako horrelako formularik onartzen ez duten egitate nazionalistak. Eta arrazoi beragatik, ez dauka zentzurik orain, periferiako nazionalismoak ahokatzeko modu eraginkorragoei bide ematen ez zaien bitartean, sistema irekia ala itxia izan behar duen eztabaidatzeak. Ezinezkoa da, aldiz, gatazkaren itxiera asebetegarri bat xedetzat hartzea, parte batek ezin baitio uko egin estatu komunean egotea kontingente eta berraztergarritzat jotzeari; eta beste parteak ezin baitu bere burua ikusi ez onartu hain ortzemuga kontingentean. Horregatik, agian lorgarriagoa izan daiteke bi parteen artean zenbait konponbide mamitsu ituntzea, bien arteko konpromiso batzuk zedarritzeko aldi baterako, hala Espainia barruan irautearen ametsa, nola herrien EB batean egungo estatutik “irtetearen” ametsa mantentzea ahalbidetuz.
Ez da asebetegarria, ezta, federazioaren ortzemuga. Federazioak akordio maila jasoegia eskatzen du, elkarren konfiantza eta leialtasun maila oso altua, gaurkoz aurkaritzak, elkarren mesfidantzak eta desleialtasunak definitzen duten egoera petralean.
Periferiako nazionalismoek mesfidantza dute federazioaz. Beldur dira hura praktikan oraindik gaurkoa bera baino sistema politiko are gutxiago malgu eta irekia izango den, eta, bere inertzia logikoz, “denentzako kafearen” simetriarako presio etengabea izango ote den. Zenbait estatu federaturen artifizialtasuna, kasu batzuetan gaur egun jada gainzamatua, indartuko duen beldur dira. Estatu komunaren eta espainiar nazio komunaren ideia gogorregia sustatuko duen beldur dira.
Egia da errealitate nazioanitzak federalismo asimetrikoaren formuletarantz bultzatzen duela. Baina ez da gutxiestekoa, halere, federalismo asimetrikoak estatu espainiarrean duen zailtasuna, hiru oztopo hauetan laburbil daitekeena: 1) zail dutela asimetria onartzen beren “itxura” ez igoalitarioa irentsi ezin duten alde “erregionalek”; 2) zaila dela taxutzen ikuspegi teknikotik ere; 3) ortzemuga ezegonkorregia dakarrela.